Síguenos en redes sociales:

Genetika

GIZAKIOI esperantzaren ataritan bizitzea egokitu zaigu. Egia da hori gabe ere bizi gintezkeela, Nietzschek dioen bezala, orain-orainean, baina mendebaldeko kulturan ez gaude horretara ohiturik.

Esperantza, besteak beste, garen tropoilu antsiatua ordenatu, eta beste bat, hobea, jakina, izaten saiatzeko.

Baina zaila dago, zer esango dizuet. Psikologoek diote gure nortasunaren %60 inguru zero-hiru urte bitarte horretan osatzen dela; hiru-zazpi tartean %90 artekoa, eta hortik aurrera %10 mixerable bat gelditzen zaigu heltzen garen bitartean osatzeko; alegia, aldatzeko esperantza baldin badugu azken %10 hori aldatzea errazago izango zaigu ezen ez gainon-tzeko %90, iltzatuago baitago gure baitan. Beti iruditu zaizkit datu etsigarriak. Are etsigarriagoak aste honetan froga zientifikoek seme-alabok gurasoen traumak jaraunsten ditugula frogatzen duen esperimentua kaleratu dutela. Bai, jarauntsi egiten omen ditugu gurasoen traumak, eta ez ditugu jaraunsten giroaren bidez, ez, geneen bidez egiten dugu.

Orain arte barre egin diot El codigo de la emocion (oinarrian esperimentuan frogaturikoaren antzekoa diote) liburuaren jarraitzaileek osatzen duten terapia alternatiboari, orain ez hainbeste.

Orain, faborez, altxatu burua paper edo pantailatik eta galdetu zuen artean analogia arriskutsua eginez datu horiek balio duten irakurketa sozial eta politikoa egiteko.

Oraingo Espainiako Erresumak jarauntsi egin ditu Gerra Zibilaren traumak eta horregatik da gizarte hori genetikoki autoritarismoa lerratzeko prest? Zutabegile eta iritzilogook gizarte demokratikoagoa aldarrikatzen dugunean hutsaren hurrengoa ari gara aldarrikatzen?

Bai, analogia arriskutsua da baina aldi berean lasaigarria Kataluniaren Procesak azaleratu duen ustezko noraeza frankistaren arrazoiak -hemengook susmatzen genituen- diskurtso sozialean egon beharrean genetika eta biologiaren eremuan daudela frogatuko bailuke. Danteren Infernuko sarrerako hura parafraseatuz: utzi esperantza oro hemen bizi zaretenok, ez da procesik hau aldatuko duenik.