Síguenos en redes sociales:

Bizirik

Bizirik

Garrantzi handiko garaipena eskuratuta amaitu dau urtea Athleticek. Benito Villamarinen lortutako hiru puntuak oso garrantzitsuak dira taldeari lasaitasuna emongo deutselako jokoa hobetzeko etenbako prozesuan. Zigandaren gizonek sei jardunaldi kateatu ditue galdu barik Liga txapelketan eta sailkapeneko erdialdean amaituko dabe urtea, Europako postuak jaistekoak baino hurrago dituela. Jokalariak zein entrenatzaileak garbi daukie gauza asko daukiezala hobetzeko jokoari jagokonez. Edozelan be, emaitza onak lortzea lagungarri da bide horretan. Kopan izandako porrota alde batera itzita -Formenteraren aurka hondoa jo eta gero etorri da zuri-gorrien erreakzioa- Kukoren taldeak ate guztiak daukaz zabalik 2018ra begira. Athletic bizirik dago.

Athleticek bost aldiz irabazi dau Benito Villamarinen azken zortzi denboraldietan. Estatistika hori ikusita pentsa lei zuri-gorrientzat zelai aproposa dala. Horren aurretik, baina, Athletic bi bider bakarrik izan zan garaile Betisen etxean hogeta bederatzi denboralditan. 71-72 denboralditik 2006-07 denboraldira zuri-gorriek garaipen bi bakarrik lortu ebezan. Javier Clementeren talde txapeldunak be galdu egin eban Sevillan Ligak irabazi zituan urte bietan. Beraz, Benito Villamarinen irabaztea ez da inoiz erraza izan lehoientzat.

Athletic infernuaren ateetan egotetik dator eta gaur egun emaitza onak lortzea da helburu nagusia beste gauza guztien ganetik. Benito Villamarinen irabaztea zan helburua eta zuri-gorriek bete egin dabe. Helburua bete arren eta sei jardunaldi galdu barik kateatu arren, emoten dau hiru puntuak lortu izanaren garrantzia bigarren maila baten geratu dala taldeak erakutsitako ahulezien azpitik. Pentsa lei Athleticek ez ebala ezer egin partidua irabazteko eta hiru puntuak Betisen oparia izan dirala. Etxeko taldeak indartsu ekin eutsan partiduari eta Setienen gizonenak izan ziran lehen aukera garbiak, lehen ordu erdian aurkariak egindako hutsak baliatuta. Athleticek, baina, erreakzionatu egin eban Susaetaren eskutik eta aukera garbiak euki ebazan aurkariaren atea zulatzeko. Handik gitxira, norgehiagoka goitik behera baldintzatu eban jokaldiari esker aurreratu ziran zuri-gorriak markagailuan.

Athleticek nahi baino gehiago sufridu eban bigarren zatian hamar gizonegaz jokatzen egoan aurkariaren kontra, Zigandaren gizonak ez ziralako gauza izan bigarren gola sartu eta partidua erabagita izteko. Raul Garciak eta enparauek hainbat gol aukera garbi euki ebezan Betisen atea aurrean baina ez ziran gauza izan Adanen atea zulatzeko. Eraginkortasun apur bat izan ezkero Athleticek ez eban sufriduko hainbeste eta hiru-lau gol sartuta lortuko eban garaipena. Taldea, baina, datorren lekutik dator. Ez deiogun garrantzirik kendu Sevillan lortutako garaipenari.

Denboraldi erdia baino gehiago jokatzeko dagoanean Athleticek ate guztiak ditu zabalik Ligan eta Europako Ligan. Botilea erdi hutsik edo erdi beterik ikusi daiteke eta nik erdi beterik ikusi gura dot. Taldeari jokoa falta jako, bai, baina Formenteraren aurka galdu ostean amiltegira jaisteko zorian egon arren, ez dau amore eman eta zulotik urteten hasi da, apurka-apurka baino ez bada be. Alaves, Español, Getafe, Eibar, Girona eta Las Palmasen aurka jokatuko dabe zuri-gorriek hurrengo sei jardunaldietan. Aukera bikaina daukie hobetzeko prozesuan jarraitzeko. Beñat Etxebarriaren itzulerea erabagigarria izan daiteke taldearen jokoa hobetzeko. Ziganda, Arostegi, Urkiza eta Etxebarriaren proiektua bizirik dago.