Zalantzak argitu gurean
realaren aurkako partidua aukera bikaina zan Athleticentzat sailkapeneko behealdetik urrundu eta gorantz begira hasteko. Derbiak, baina, ez dau ezertan aldatu Kuko Zigandaren taldeak bizi dauen egoerea. Zuri-gorriak ez ziran garaipena eskuratzeko gauza izan azken urteetako derbirik makalenean. Entrenatzaileak argi eta garbi esan dauenez, taldeak ez dauka jokorik eta, jakina, ekinagaz bakarrik oso gatxa da partiduak irabaztea. Kontuak kontu, jardunaldiak aurrera doaz eta Athleticek amildegiaren ertzean jarrai- tzen dau aurrera eta atzera, amestutako partidu biribila noiz etorriko zain.
Urtea amaitzeko partidu bakarra falta bada be, ez dogu ahaztu behar denboraldi erdia baino gehiago dagoala hondino jokatzeko. Une honetan argitu beharreko zalantza ugari dagoz Kuko Zigandaren taldearen inguruan. Lehenengo eta behin, taldea hau gauza izango ete da berre errendimendua hobetu eta sailkapeneko behealdetik urteteko ala urte guztian egongo da zuloaren ahotik urrundu ezinik? Nik uste dot taldeak gorantz egingo dauela hurrengo asteetan, entrenatzaileak jokalari garrantzitsuak berreskuratuko dituelako. Beñat Etxebarria, Ander Iturraspe eta Oscar de Marcosen eskutik etorriko da taldearen erreakzioa. Realaren aurkako partiduan agirian geratu zanez, Athleticek arazo itzelak daukaz zelai erdian jokoa sortzeko orduan. Beñat eta Iturraspe jokalari egokiak dira taldearen erasoko jokoa sortzearen erantzunkizuna hartzeko. Arratiarra pubiseko arazoakaz ibili da jokatzen azken hileetan eta ebakuntzea egin ostean bete-betean itzuliko da taldera. Beste alde batetik aitortu behar da Athleticek hobetu egin dauela bere atea defenditzeko orduan. Zuri-gorriek ez dabe partidurik galdu liga txapelketako azken bost jardunaldietan. Egia da, baita, ez dirala golik sartzeko gauza izan San Mamesen jokatu dabezan azken hiru partiduetan.
Eta zalantzak argitzeko ahaleginagaz jarraituz, orain arte sasoi makala erakutsi daben zenbait jokalarik bardin jarraituko dabe ala euren maila onena emongo dabe denboraldiaren bigarren zatian? Iñaki Williamsek urte bete daroa golik sartu barik San Mamesen. Aurrelariak gorputz eta arima ipinten dauz zelaian baina ez dabil fin eta ansiedade askogaz jokatzen dau. Beste alde batetik, Mikel San Joseren ezina kezkagarria da benetan. Atarrabiak 22 partidu jokatu ditu denboraldi honetan baina ez dau bere maila onena emon. Taldearentzat garran- tzitsua izango litzateke Mikel San Joserik onena berreskura- tzea. Raul Garcia be sartuko neuke errendimendua hobetu behar dabenen zerrendan.
Zalantza gehiago. Inoiz berreskuratuko dogu San Mames zaharreko giro beroa? 45.000 ikusle egon ziran Katedralean Realaren aurkako partiduan. Ikusle dinot, ze gehienek partidua ikusi besterik ez eben egin. Arazo bat daukagu San Mamesen, azterketa sakona merezi dauena. Ez da normala tarte askotan egoten dan ixiltasuna eta hoztasuna. Are gitxiago zale asko zelaitik urteten ikustea partidua bapezna dagoala derbian.
Eta ezin amaitu Kepa Arrizabalagaren “auzia” aitatu barik. Kontu hau lehenbailehen argitu behar da guztion onerako. Zapatuan bizi izandakoa lotsagarria izan zan. Jokalariak ez eban jokatu orkatila handituta eukalako. Askok, edo batzuk behintzat, ez eben sinestu gura izan klubak emondako azalpena eta edozer esaten hasi ziran. Giroa garraztuta dago eta norabide arriskutsua har- tzen ari da.