Gero eta sarriago jazotzen ari den kontua da. Espainiako gaitz ia guztien atzealdean euskaldunak eta katalanak gaude... geurekoiak, elkartasuna bazter batean uzten dugunak, geure zilborrari begira gaudenak, beste erkidego batzuetako koitaduei bizkar gainetik begira gaudenak... eta espainiar nazionalistak ez ezik hedabide ba-tzuk ere eroso antzean ari dira basatza hori elikatzen. Kontua zera da, arazoei zuztarretik heltzeko borondaterik edota gaitasunik ez dagoenean, beste norbaiten bizkar gainera bota behar direla erruak. Hara! Norbaitek benetan uste al du euskaldunok transferitu gabe ditugu eskumenengatik Estatuari ordaintzen dioguna bikoiztuta Espainiako gainerako erkidegoek duten zulotzarra onbideratuko litzatekeela?
Euskadi eta Nafarroaren ekarpena igo ahal izateko, bi bide daude. Erkidego hauetako presio fiskala areagotzea edota Nafarroako eta Euskadiko zerbitzuak doitzea, murriztea, herritarrek jasotzen dituzten askotariko zerbitzuak kaltetuz. Lehenengo bideari ekinez gero, erkidego batzuekiko -horietako zenbait presio fiskal txikiagoa dutenak- Euskadiren eta Nafarroaren desoreka areagotuko litzateke, egoera bitxia suertatuz, estatuan baitira Euskadiren eta Nafarroaren presio fiskala ez duten erkidegoak, parekatuz gero, diru-sarrera gehiago eskuratzeko moduan daudenak. Zerga bilketaren kontu honi, erkidego batzuetan, azpiko ekonomiak daukan pisua gehitu beharko genioke... eta arazo honi aurre egin ahal izateko, egiten dituzten ahalegin urriak. Leuna den baieztapen bat esatearren.
Bigarren bidea, hots, Euskadiko eta Nafarroako herritarrok okerrago bizi gaitezen bilatzen bada, hori ere argi esan beharko litzateke, hauteskundeak hurreratzen direnean kontuan har dezagun... gure ongizate sistema murriztuz beste batzuek dituzten arazoak bideratuko direla aditzera ematea gezur bat elikatzea besterik ez baita. Kontua da estatuaren ikuspegi zentralista tarteko, gure berezitasunak ezabatu nahi direla, errealitatea desitxuratuz, egiazkoak ez direnei hauspoa emanez.
Espainiako klase politikoari gauza asko pilatzen ari zaizkio, ezintasunagatik, gaitasun ezagatik, ikuspegi faltagatik aterabiderik ez dutenak, oraingoz. Horietako bat erkidegoen finantzaketarekin dauka zer ikusia, oinarrian estatuaren ikuspegi oro hartzailea duena iturburu nagusitzat... estatuak, kosta ahala kosta, efizientea ez den sistema bat mantendu nahi du. Diru-laguntza sistema bitxi baten bidez gatibu ditu erkidegoak eta herritarrak, estatuaren gainegitura hori gabe umezurtz daudela iradokiz... eta horixe da askatu beharko litzatekeen lehenengo korapiloa. Espainiak eraberritzeko urratsak egin behar ditu, erkidegoak ahaldundu, zergak ezartzeko, biltzeko, iruzurrari aurre egiteko eran-tzukizuna partekatuz... lurraldeen arteko egiazko desorekei aurre egiteko eta buelta ematen laguntzeko, elkartasun sistema egingarri eta eragingarri bat adostuz.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">