Ondo defenditzearen garrantzia
pARTIDU biribilaren bila jarraitzen dau Athleticek. Zuri-gorriek puntu bat eskuratu eben Deportivoren zelaian baina beste bi itxi ebezan, garaipena esku-eskuan euki eben-eta. Kuko Zigandaren gizonek aukera bikaina galdu eben hiru puntuak eskuratzeko. Aurkaria baino gehiago izan ziran partiduaren minutu gehienetan baina sari barik geratu ziran ez ziralako gauza izan markagailuan eukien aldeari eusteko. Edozelan be, taldeak etxetik kanpo jokatutako beste partiduetan baino itxura hobea emon eban eta bide horretatik jarraitu behar dau. Horretarako, baina, opariak egiteari itxi behar deutso Zigandaren taldeak, defenditzeko orduan egiten dituen hutsegiteak oso garesti ordaintzen ditu-eta.
Athleticek ez daki ondo defenditzen. Entrenatzaileak berak aitortu dau. Zuri-gorriek hasiera bikaina emon eutsen liga txapelketeari lehenengo hiru jardunaldietan zazpi puntu eskuratuz, golik jaso barik eta hiru sartuta. Azken hamar partiduetan, ostera, zuri-gorriek hamazortzi gol jaso dabez, ia bi partiduko, eta hamaika sartu. Esan beharrik ez dago ia norgehiagoka guztietan gol bi jasoten dituen taldeak esfortzu ikaragarria egin beharko dauela garaipena eskura-tzeko. Hau da, gol bi jasota partiduko ez goaz inora. Zuri-gorriei gola sartzea ez da bape gatxa. Urrunera begiratu barik, Riazorren jasotako gol biak huts nabarmenak izan ziran edota Balaidosen jasotakoak. Athleticek arazo handi bat dauka defentsan -ez nago atzelarien ganean bakarrik berbetan- eta konpondu egin behar dau odolutsituten jarraitu gura ez badau.
Hiru entrenatzaile bizkaitar beteranorekin egon nintzan asteburu honetan hirugarren mailako partidu bat ikusten. Hirurak bat etozan esatean gaur eguneko futbolean ez dala defenditzen orain dala urte batzuk defenditzen zan moduan. Futbolak zati bi ditu, erasoa eta defentsea baina gaur egun ez dago orekarik alde bi honeen artean, askoz garrantzi gehiago emoten jakolako erasoko jokoari. Defentseari garrantzi handia emotea ez dago ondo ikusita. Defentsa on baten oinarritu behar da erasoko jokoa. Ondo defenditzea, ondo antolatuta jagotea norberaren atea ezinbestekoa da denboraldi on bat egin gura dauen edozein talderentzat.
Riazorren lortutako puntuak ez dau askorik aldatu Athleticen egoerea, ez onerako ezta txarrerako be. Zigandaren taldeak partidu biribilaren bila jarraitzen dau behingoz sailkapeneko behealdetik urten eta taldearen ganeko zalantza guztiak uxatzeko. Horretarako, baina, zuri-gorrientzat ezinbestekoa da zaleriaren babesa eta berotasuna izatea. Egia esateko, giro toxikoa sentiduten dot taldearen inguruan eta Zigandaren ganean berba egiterakoan batez be. Ezkortasuna da nagusi Athletic zaleen artean. Egia da, bai, taldearen denboraldi hasiera ez dala ona izan eta orain arte erakutsitako jokoa makala izan dala. Egia da baita, taldearen egoerea ez dala larria Ligan eta bizirik dagoala Europa Leaguen. Etapa barri bati ekin deutso Athleticek Zigandaren eskutik eta hasierak gatxak izaten dira beti. Egindako fitxaketa bakarrak Bilbao Athleticeko jokalari bi izan dira. Ganera, Muniain, Beñat, Yeray eta De Marcos, lau titular barik dabil jokatzen taldea. Ez nabil atxakiak bilatzen. Gauzak dagozan moduan dagoz. Edozelan be, ez dot ulertzen Zigandarekiko dagoan jarrerea. Etxekoagaz inogaz baino zorrotzagoak gara. Denboraldi osoa dago aurretik eta entrenatzaileak zein jokalariek inoiz baino gehiago behar dabe zaleriaren babesa.