Iritsi da eguna, nonahi eta nolanahi aipatua izango dena: Euskararen Nazioarteko Eguna. Auzoetan, euskaltegietan, eskola eta ikastetxeetan... herri-erakundeetan izango da hizpide eta gogoan. Ona da gure hizkuntzaren iraganaz, orainaz, bai eta etorkizunaz gogoeta egitea... baldin horrek konpromiso berriak ekartzen baditu, zeregin kolektibo horretan bakoitzak duen erantzukizuna agerian uzteko balio baldin badu. Bestela alferrik ari gara, itxurakerietan ari gara!
Euskarak hiztunak behar ditu, erabiltzaileak, egunero, une oro baliatzeaz batera moldatzeko gauza direnak... horiek direlako etorkizuna emango diotenak. Euskararen erabiltzailerik txarrenak, euskaraz jakinda, erdaraz ari direnak besterik ez baitira. Dakigun hori balia dezagun nonahi, bide horrek gaitasunean aurrera egiten lagunduko digulako, gure hizkuntza noranahikoagoa eginez.
Euskararen geroa denon egitekoa da! Ez auzoarena, lagun hurkoarena, guztiona baizik. Ez dago ardura hori inoren lepora jaurtitzerik, saihesterik, egiteko hori guk geuk hartzen ez badugu beste inork ez duelako hartuko, ez hemen... ez beste inon. Txikiak gara eta txikiak izaten segituko dugu, kasurik onenean. Niri txikitasun horrek ez dit endredorik, konplexurik sorrarazten, baitakit hiztun-elkarte handien arrimuan bat gehiago naizela... eta, aldi berean, ez naizela ezer.
Irakurle, pentsa dezagun zer egiten dugun gure hizkuntza eta kulturaren alde, zer egin dezakegun gauden toki guztietan... seguru gehiago dezakegula, gehiago izan gaitezkeela. Ez inori ezer inposatzeko, gure hiztun-elkartea, euskararen lurralde guztiak barruratuko dituena, berrosatzen segitzeko baizik... bagara euskararen bidez, bestela beste zerbait izango baikara. Eta nik nire herria, euskararen herria dut maite, berari zor baitiot naizena.
Bitoriano Gandiagaren hitzetan hemen ez dago euskara adinako askatasunaren aldeko itxarobiderik. Zertarako nahi dugu askatasuna, kulturaren eta hizkuntzaren aldetik menpeko izaten segituko badugu? Nik neureari eutsi nahi diot, munduari nire ekarpena egin, ez inor baino gehiago naizelako, existitzen segitzeko gainerako hiztun-elkarteen adina eskubide dudalako baizik. Gainerakoak errespetatu nahi ditut, guztiak aintzat hartu, neureari traiziorik egin gabe.
Dezakedan guztietan euskaraz mintzatzen naiz, uzten didaten neurrian... eta nahi zaitut, bidelagun behar zaituztet, elkarte, erakunde, herri-erakunde, alderdi, sindikatu... eta herritar soil. Behar zaituztet euskaraz mintzatuko banaiz, ezpainetatik nire hizkuntza desagerraraziko ez bada, eztarria trabatuko ez bazait. Zuek gabe ni ezin bizi bainaiteke, ezin baitut itxaropenik, etorkizunik inoiz izan.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">