Zaharrak barri
Vila-realen aurkako partiduak ez dau gauza handirik aldatu Athleticek bizi dauen egoeran. Kuko Zigandaren taldea ez zan garaipena lortzeko gauza izan baina balio handiko puntu bat eskuratu eban ekinaren ekinez. Zuri-gorriek joko ona erakutsi eben tarteka baina barriro be argi geratu zan arazo itzelak daukiezala erasoko jokoa sortzeko orduan. Horregaz batera, defendi-tzeko orduan be hutsune larregi itxi ebezan. Txanponaren beste aldean, Vila-realen aurkako partiduan barriro ikusi genduan Athleticek gorputz eta arima ipinten dauzela zelaian eta ez dauela inoiz amore emoten gauzak aldats gora egon arren. Amorru hori ezinbestekoa da gorantz egiteko. Ganera, Kuko Zigandak bigarren zatian zelairatu ebazan Mikel Ricoren eta Ager Aketxeren ekarpena oso positiboa izan zan. Hau da, jokalari bi honeek lekua euki leikie entrena-tzailearen hamaikakoan. Kontuak kontu, Athleticek bardin antzera jarraitzen dau, partidu biribil baten zain. Aukera ona daukie eguenean Europako Ligan Hertharen aurka.
Arratsaldea ez zan ondo hasi bizkaitarrontzat, Mikel Urrutikoetxeak ezin izan eban-eta lau ta erdiko txapelketea irabazi. Sikiera, beste Athletic-zale batek jantzi eban txapela. Futbolera itzulita, garrantzi handiko partidua eukan Athleticek San Mamesen. Zuri-gorriek aukera bikaina eukien aurreko jardunaldietako bolada txarrari amaierea emon eta goranzko bideari ekiteko. Katedralean batu ziran zaleen jarrera hotza ikusita, ostera, ez eban emoten Vila-realen aurkako lehia hain garran-tzitsua zanik. Zuri-gorriek ederto ekin eutsen partiduari eta lehen minututik aurkariaren bila urten eben. Athleticek ito egin eban Vila-real bere zelaian baina barriro be ez zan golik sartzeko gauza izan.
Apurka apurka Vila-realek baloiaren jabetzea eskuratu eban eta Keparen atera hurreratzen hasi zan. Ondarroako atezainak Fornalsek jaurtitako penaltia geratu ebanean Athleticek eztanda egingo ebala uste genduanean, aurkaria aurreratu egin zan markagailuan. Williams lo geratu zan eta Fornalsek aurretik huts egindakoa konpondu eban.
Etxeko taldeak partiduaren bila urten eban bigarren zatian. Zigandak Mikel Rico, Susaeta eta Aketxe zelairatu zituan eta taldearen jokoak hoberantz egin eban. Adurizen golak biztu egin eban Katedrala eta bigarren gola hurre egoala emoten eban arren, azkenean ontzat emon genduan bardinketea aurkariak be garaipena eskura-tzeko aukera garbia euki ebala kontutan izanda. Partidua amaitu ostean, zale gehienek ez eben ezer egin, ez txalo ez txistu eta askok alde egin eben zelaitik partidua erabaki barik egoanean. Egia esateko, San Mamesko giroa asko aldatu da. Orain hintxa gitxi batzuk eta ikusle soil asko dagoz.
Athleticek ahalegin itzela egin eban Vila-realen aurkako partidua irabazteko baina hondino be zuri-gorriak ez dabilz fin. Tarteka joko ona erakusten badabe be, partidu biribil baten faltan dagoz. Etzi beste norgehiagoka bat jokatuko dabe Berlineko Hertharen aurka. Zigandaren gizonek ondo baino hobeto dakie ezin dabela huts egin talde alemaniarraren aurka, Europako Ligako hurrengo fasean egoteko aukerak bizirik mantendu gura badabez behintzat. Garaipenak baino ez dau balio. Partidu aproposa da taldeak eztanda egin daian. Alemaniako taldearen aurkako partidua mugarria izan daiteke taldearen etorkizunerako, onerako zein txarrerako.