berriki EAEko ikasleen eskola giroko hizkuntzen erabilerei -bereziki, euskarazko jardunari- buruzko datuak kaleratu dira. Horrela, ikasleen arteko gela barruko eta gelaz kanpoko jarduna, ikasleen eta irakasleen artekoa -gela eta gelatik kanpo- eta abar aztertu dira. Gaiak garrantzia handia dauka, EAEko gazteak direlako gure gizartean elebidunenak eta haien egungo zein etorkizuneko ohiturak erabakigarriak izango direlako euskararen biziberri-tzea iltzatzeko... baina bizi garen gizartean badira beste hizkuntza batzuk gero eta gehiago balioesten eta lehenesten direnak, esate baterako ingelesaren ezagutza eta erabilera. Hizkuntza-erkidego horrek sekulako indarra eta sormena dituelako, etxeko sukaldera sartzeraino.

Euskararen bilakaerari buruzko gogoetak sarritan eremu mugatu batean egiten ditugu, arlo batean gertatzen dena beste eremu batean egiten denarekin indartu ala ahuldu egin daitekeela ahaztuta. Eskola giroan -batez ere, gela barruan- ohikotasunez erabiltzen den hizkun-tzak ez du presentzia eta indar bera bestelako jardueretan, esate baterako, aisialdi- eta kirol-eskaintzetan, eremu ekonomikoan, ostalaritzan eta abar. Egoera asimetriko horrek izugarri galgatzen du hizkuntza indarberritzeko egiten ari garen ahalegin kolektiboa... eta askotan, halako egoeren atzealdean, euskararekiko ezagutza urria, sentiberatasun apala eta konplexuak besterik ez daude.

Ikaragarrizko ahaleginak egiten ditugu Espainiako Itzulia, Fran-tziako Tourra, nazioartean sona daukaten erakustaldiak, musika-emanaldiak eta abar gure artera ekartzeko, haien hizkun-tza eta kultura bidelagun dituztela, bidenabar geureak zokoratuz... eta ingeles izenak -ingelesak liluratuta gauzka, antza denez- emanen dizkiegu sukaldaritzarekin, ikerketarekin, festibalekin edota bestelako azpiegiturekin lotura duten gauzei, denon ahaleginekin eraiki ditugunei... eta hori gutxi balitz, 1982an Euskararen Legea onartu ondoren, geure ekarpenekin sortu ditugun azpiegituretan euskara planak abiaraziko ditugu, noiz eta Legea onartu eta hamarkada batzuk beranduago -lorpen tristea geurea-... halako erabakiak hartzen dituztenek ez dute behinola pentsatu ekonomia bizkortzeko asmoz egin zuten/duten ahalegin hori, gure kultura eta hizkuntza sustatzeko ere balia zitekeela?

Beharbada, batzuek uste dute euskararen kontua beste ba-tzuen zeregina dela eta ez daukala bakoitzak -bereziki, herri-erakundeetan daudenak- hartzen dituen erabaki txiki eta handiekin inolako loturarik. Hala pentsatzen duenak bere eran-tzukizunari egiten dio ihes, erabat oker dabil. Koldo Mitxelena hizkuntzalaria hil zela 30 urte bete dira aurten, urriaren 11n. Hark zioen, Axular gogoraraziz, hizkuntza bat mintzatzeko eta adierazteko balio ahal izateko, hizkuntza zorroztea ezinbestekoa dela eta nonahi baliatzeko zorroztu ez bada zorroztu ez dutenena, guztiona dela soil-soilik errua... eta euskara zorrozteko, nonahi erabiltzea eta gero eta presenteago bilakatzea ezinbestekoa da. Hala fede!