Síguenos en redes sociales:

Ilunetan

Ilunetan

Itxaropentsu gengozan Celtaren aurkako partiduaren atarian. Athleticek partidu on bi kateatu ebazan, Bartzelona eta Ostersundsen aurka, aurreko astean hiru norgehiagoka negargarri jokatu ostean. Vigoko partidua aukera bikaina zan irregulartasuna atzean itzi eta basamortu ilunetik urteten hasteko. Hau da, taldearen inguruan sortu diran zalantzak uxatzen hasteko aukerea eukien zuri-gorriek, ustez zelai aproposa zan Balaidosen. Egia esateko, ez neban itxaroten Athleticen errendimendua bikaina izango zanik -gauzak ez dira aldatzen egun batetik bestera- baina sikiera ziurtzat joten neban Bartzelona eta Ostersundsen aurkako jarrera berbera ikusiko genduala Zigandaren jokalarien aldetik. Zoritxarrez, gure itxaropen guztiak ezer ezean geratu ziran ordu laurena betetzerako. Athleticen atzealdeak zabaldu egin ebazan Keparen aterako bide guztiak eta aurkariek ederto baliatu eben zuri-gorrien eskuzabaltasuna. Celtak hiru gol sartu ebazan hamar minututan, zein baino zein mingarriagoa. Gatxa da ulertzen zelan talde batek, Celtak, euki leikezan hainbeste erreztasun aurkariaren atea zulatzeko. Beste era batera esanda, galiziarren hiru golak ikusita, emoten eban entrenamendu baten egozala erdiraketak eta erremateak egiten aurrean atezaina bakarrik egoala, defentsa barik, alfonbra gorri baten ganetik. Athleticek arazo itzelak ditu erasoko jokoan, bai, eta ahalegin handiak egin behar dauz gol bat sartzeko. Baina are larriagoa da atzealdean, etxetik kanpoko partiduetan batez be, erakusten dauen sendotasun eza. Holan ez dago ezer egiterik.

Raul Garciak sartutako golak itxaropen apur bat ekarri eban bigarren zatira begira. Zigandak Iturraspe eta Aduriz zelairatu ebazan eta taldearen jokoak onerako igarri eban. Arrazoiren bat eukiko eban Zigandak biak aulkian ixteko baina gaur egun taldea dagoan moduan egonda, jokalari bi horreek zelaian egon behar dira bai ala bai. Eta danok egiten dogun galderea: Zergaitik itxaron behar dabe zuri-gorriek 3-0 egon arte euren jarrerarik onena erakusteko? Erantzun gatxa dauka itaunak.

Entrenatzaileak esan dau konfiantza handia daukala taldean eta indarra eta gogoa daukala egoera honetatik urteteko. Egunak eta asteak aurrera doaz eta Athleticek ezinean jarraitzen dau. Zigandaren taldeak partidu bakarra irabazi dau Ligan azken zortzi jardunaldietan. Estatistika kezkagarria da. Ganera, taldeak ez dau ondo jokatzen. Horixe da zalea gehien kezkatzen dauena. Zigandak talde sendo baten aldeko apostua egin eban baina ez dau bere helburua lortu. Aldiz, taldearen ganeko zalantzak gero eta handiagoak dira.

Hamalau egun barru jokatuko dau Athleticek hurrengo partidua, San Mamesen, Vila-realen aurka. Une onean dator atsedenaldia, taldea txarto dago-eta. Jokalariek eta teknikoek hausnarketa eta autokritika sakona egin behar dabe. Entrenatzailea egoera honen arduradun nagusia da, bai, baina jokalari gehienen errendimendua be oso makala izan da orain arte. Celtaren aurka jasotako hiru golak dira adibiderik onena. Taldeak ezin dau orain arteko bidetik jarraitu. Mahai ganean ukabilkada bat emoteko ordua da argi gorriak biztuten hasi baino lehen. Sailkapeneko azken hirurak zenbat puntura dagozan begiratzen hasi gara. Azken denboraldietan gure buruko-minak bestelakoak izan dira, taldea Europako postuetatik hurre ibili da-eta beti. Edozelan be, egorea hau ez da barria Athleticentzat eta ez gara zoratu behar. Hori bai, taldearen erantzuna etorri behar da.