Nahi zuen puntura iritsi da Espainiako Gobernua, Kataluniako Gobernuko arduradunak kargutik kentzera, Parlament-a desegitera eta autogobernuan eskua sartzera. Horretarako, Konstituzioak ?euskaldunon gehiengoak berretsi ez zuena? barruratzen duen xedapena erabili du, luze-zabal interpretatuz. Horren urruti ez zen iritsiko PSOE alderdia bidelagun izan ez balu, nik uste. Nolanahi ere, egoera halaxe dago... eta orain azken helburua lortzea baino ez dute falta. Katalunian gertatu den esku sartzearen helburua, atzealdean dagoena, mapa politikoa iraultzea baita, eskura dituzten baliabide guztiak xede horren zerbitzura jarriz.

Desberdinen arteko akordioen aldekoa naiz, horiek direlako denboran aurrera egiteko aukera gehien dituztenak, inposaketarik gabe eta inork beto eskubiderik baduela onartu gabe. Horrela, Kataluniako gizarteari ezin esan dakioke harturiko erabakiak babes zabalagoa beharko lukeela... ahaztuz estatutu berriak babes zabala erdietsi zuela, katalanen gehiengo zabal batek berretsi zuela eta, ondoren, adostasun horretatik kanpo geratu zen alderdi bakarrak ?egun, Kataluniako 5. indarra denak? horren kontra jo eta Konstituzio Auzitegira eraman zuela. Konstituzio Auzitegiak adostasun zabala ezerezean laga eta estatutua itxuragabetu zuen. Auzitegi horretako kideak nork izendatzen dituen kontuan hartuta, espero izatekoa zen bezala.

Joko arauetan dago arazoa. Partida hasten denean, ezin dira joko arauak etengabe aldatzen ibili, norberak nahi duena atera arte. Ezin esan daiteke egoera aldatzeko gehiengo zabala behar dela eta, berriz, egoerak bere horretan iraun dezan gutxiengoaren borondatea nahikoa dela. Era berean, ezin esan daiteke Kataluniaren gehiengoa isilik dagoela eta Espainiaren batasunaren alde kaleak hartzen dituztenek ordezkatzen dutela, ez baita egia! Katalanen gehiengo osoak bere etorkizuna erabaki nahi du, dela Espainiarekiko loturei eusteko, dela bestelako harreman-bide bati ekiteko.

Ezin esan daiteke Kataluniako komunikabide publikoak alde bakarraren bozgorailu direnik, auzo lotsa sorrarazten baitu horrek. Komunikabide horietan islatzen den aniztasun bera ?aitortua independenteak diren erakundeen aldetik? estatuaren menpeko komunikabideetan islatuko balitz, gauzak bidera-tzea are errazagoa izango litzateke... eta halakoei begira ez dago protestarik, ez eta eskaerarik ere. Hor ere arazoa dago. Espainiako komunikabide publikoak errealitatea ezkutatzen eta, halakorik ezin dutenean, desitxuratzen saiatzen dira eta.

Kontua da egoerak aterabide bat behar duela, berdinen artean adostua, alde bakarreko urratsetatik ihes egingo duena, inposaketa oro saihestuko dituena. Aurrebaldintzarik gabe, Konstituzioak behinola ezarririko hormak mugatzat hartu gabe. Elkarrizketa hezurmamitzea ezinbestekoa da, tokian tokiko herritarren iritzia eta etorkizuna erabaki-tzeko eskubidea izanik oinarria. Bidenabar, Konstituzioa bera eraberrituz eta egoera berrietara ekarriz... eta halakorik ematen ez bada, ez dago epe luzera begirako irtenbiderik, hauteskundeak gorabehera.