Síguenos en redes sociales:

Itxaropena itzuli da

Itxaropena itzuli da

aTHLETICEK galdu egin eban liga txapelketako azken jardunaldian baina San Mamesen batu ziran zaleak ez ziran hasarre joan etxera. Zigandaren taldeak ez eban punturik lortu Bartzelonaren aurka -gehienetan gertatzen dan lez- baina beste era bateko saria jaso dau. Zuri-gorriak bikain lehiatu ziran Ligako liderraren aurka eta partiduaren zati askotan aurkaria baino gehiago izan ziran. Azken emaitzak, baina, ez eban adierazo zelaian gertatutakoa, Athleticek ez eban galtzea merezi-eta. Baina munduko jokalaririk onena tartean dagoanean oso gatxa da garaipena eskuratzea. Ganera, Bartzelonako atezaina bere taldeko jokalaririk onena izan zan Messigaz batera. Edozelan be, itxaropena itzuli da taldera eta taldearen ingurura. Aurreko hiru partiduetan iparra galduta ibili ostean, Athleticek bizirik dagoala erakutsi dau. Garbi dago zein dan jarraitu beharreko bidea. Ia ba, behingoz, Zigandaren taldeak atzean izten dauen orain arte erakutsitako irregulartasuna.

Ostersunds, Leganes eta Formenteraren aurkako jokatutako partidu txarrek kalte handia egin eutsen Zigandaren taldeari. Bartzelonaren aurkako lehiaren atarian, ezkortasuna nagusi zan Athletic zaleen artean eta askok zalantzan ipinten eben Zigandaren eta bere lan taldearen gaitasuna taldea gidatzeko. Egia da zuri-gorriek irudi negargarria emon ebela aitatutako hiru partiduetan. Baina uste dot taldeak ikasi egin dauela porrot horreetatik. Bartzelonaren aurka egindako partidua ikusita batek baino gehiago itauntzen eban zelan aldatu daitekeen hainbeste talde bat jardunaldi batetik bestera. Erantzun gatxa dauka galdereak baina itxuraldaketa horreek ez dira ezohikoak futbol munduan eta are gitxiago Athleticen.

Bartzelonaren aurka erakutsitako konzentrazinoa, grina eta jokoagaz, Zigandaren taldeak gorantz egingo dau Liga txapelketako sailkapenean eta sailkatu egingo da Europa Leagueko hurrengo kanporaketa jokatzeko. Atzealdetik hasita, goraipatzekoa da Unai Nuñezek jokatutako partidu bikaina, Laportek ondo lagunduta. Hegaletako Bovedak eta Lekuek be partidu ederra jokatu eben. Baina aldaketarik pozgarriena zelai erdian ikusi neban. San Josek eta Iturraspek osatutako bikoteak ederto zuzendu eban taldearen jokoa eta bikain lehiatu zan Busquets, Paulinho, Rakitic eta enparauek aurka. Abadiñoko jokalaria berezia da eta taldearen jokoari emoten deutson aberastasuna berak bakarrik emon leikio. Erasoko lerroa, baina, ez zan oso fin ibili Valverderen taldearen aurka. Williams ez zan gauza izan Jordi Alba gainditzeko eta Adurizek huts egin ezin diran aukera horreetarikoa galdu eban Bartzelonaren aurka. Horrek ez nau hainbeste kezkatzen, ondo jokatu ezkero golak etorriko dira-eta.

Urriko azken astelehena ospatu barri dogu eta Athletic finalak jokatzen hasiko da. Zigandak berak aitortu dau Ostersundsen aurkako partidua final bat dala taldearentzat. Entrenatzaileak garbi dauka eta itxaron daigun jokalariek eta zaleek be argi izatea Europa Leagueko partidua hil ala bizikoa dala. Bartzelonaren aurkako partiduan giro itzela egon bazan be, zale askok zelaitik urten eben lehia 0-1 egoala. Ulertuezina. Ostersunds eta Celtaren aurkako partiduak oso garrantzitsuak izango dira etorkizun hurbilerako. Emaitza onak lortu ezkero taldeak lasaitasuna berreskuratuko dau hobetzeko prozesuan jarraitzeko. Porrot egin ezkero, ostera, taldearen inguruko zalantza guztiak etenbarik hasiko dira eta giro toxikoa nagusituko da barriro be. Asko dago jokoan.