Beharbada, gogoeta honek ezer gutxirako balioko du, susmoa baitut egoera hau nahita bilatu dela hasiera-hasieratik. Katalunia kosta ahala kosta mendean hartu nahi zen eta horretarako aitzakia bila ibili dira, ez besterik. Ezin dut bestela ulertu, Espainiako Gobernutik elkarrizketarako deia egiten ibiltzeak, urteetan inolako urratsik ez egiteak eta sistematikoki Kataluniako herri-erakundeek harturiko erabakiak Espainiako Konstituzio Auzitegira eramaten ari-tzeak. Egoera larria da eta haustura are sakonagoa izateko zantzu guztiak antzeman daitezke.

Ezin esan liteke haustura Katalunian bertan gertatu dela, nondik gatozen aztertu gabe. Izan ere, Katalunian adostasun zabala gertatu zen estatutua eraberritu zenean. Katalunian gertaturiko kontsentsu horretatik, bai eta Espainiako Gorteetan harturiko erabaki horretatik kanpo geratu zen alderdi esanguratsuena PP izan zen. Alderdi hau izan zen katalanek eginiko galdeketan adostasun zabalez onarturiko estatutu berriaren kontra sinadurak bildu eta Konstituzio Auzitegira jo zuena... eta kezkagarriena ez da adostasun zabalez onetsitakoari betoa jartzeko PPk eskubidea duela lau haizeetara esaten ibiltzeak, PSOEk eta PPk izendaturiko Konstituzio Auzitegiak hartutako erabakia bera baizik. Izan ere, azken honek aurreko estatutuaren edukia abiapuntua baino helmuga zela finkatu baitzuen.

Egoera honetara ez genuen zertan iritsi. Nahikoa baitzen Konstituzioa berak jaso-tzen duen heldulekua baliatuz, galdeketaren terminoak adostea eta Gorteetan galdeketa egiteko baimena ematea -bidenabar, aldeek konpromisoa hartuz emaitzak errespetatzeko-, gerorako utziz egin beharreko aldaketak hezurmamitzea, emaitzen arabera.

Orain berandu da horretarako... baina etorkizunean ez da egongo bestelako aterabiderik hitz egitea eta galdeketa adostu bat gauzatzea baino. Inork ezin du betorako eskubidea aldarrikatu eta guztiek hitz egiteko, adostasunera iristeko eta adostutakoa leialtasunez gauzatzeko konpromisoa hartu behar dute.

Zorioneko batasun nazionalaren kontua omen da arazoa. Kontua da inor ezin dela ezeren partaide izan indarra tarteko balia-tzen bada... ez baitu lotura horrek luzaroan iraungo. Arazoa, historiaren irakurketa idilikoa da, ustezko batasun nazional hori berez, borondate askearen emaitza gisa barreiatzen duena, hala izan ez denean. Bestela, gogoratu oraingo Espainiako erregearen familia berekoek iraganean, Katalunian -eta ez Katalunian bakarrik-, egin zituzten gehiegikeriak.

Ez dago bidezidorrik. Kataluniako gutxiengoak ezin du Estatuan duen indarra baliatu Kataluniako herritarrei nahi ez dituztenak inposatzeko, Parlamentu baten jarduna ia ezerezean uzteko -tartean, Kataluniako herritarrei eragingo dieten Estatuaren erabakiak kontrolatzeko- eta parlamentarien eskubideak ezerezean lagatzeko. Demokrazia murriztearen ala demokraziaren zorua zabaltzearen artean hautatzea da kontua... eta Espainiako Gobernua eta bere ekimena sostengatzen duten alderdiak lehenengo aukeraren noranzkoan ari dira.