Inazio Eizmendi, Basarrik, izenordea bizi zen tokiagatik aukeratu omen zuen, herriaren amaieran bizi zenez gero, etxetik zelaiak ez besterik ikus baitzitzakeen. Beharbada, orduko hartan bertsolariek zuten fama zein zen kontuan hartuz, ezagutua ez izateko asmoz, izenorde horrekin kolaborazioak idaztea eta han-hemengo saioetan parte hartzea erabaki zuen. Euzkadin argitaraturiko kolaborazioek, Nere bordatxotik izenburuarekin argitaratu ziren. Bertan kontakizunak, iritziak zein gogoetak, bai eta hainbat bertso argitara eman ziren... Kataluniako auzian ere eragile bakoi-tza bere bordatxotik ari da, ba-tzuk irtenbide bila, lehenagotik datorren endredoari, korapiloa askatu gurean. Beste batzuk, ordea, Franco diktadoreak lotuta lagatakoa bere horretan iraunarazi nahian.

Beldurgarria da Espainiako agintariek Kataluniako hedabide publikoen kontra erakusten duten herra, beste horrenbeste Hezkuntza sistemari buruz barreiatzen duten ikuspegi negargarria. Hedabideak ez dira objektiboak eta Hezkuntzak, doktrinatu egiten du. Hortik datoz batasun nazionala iraunarazteko mehatxuak, Espainiako ditxosozko batasunean gotortu direnen arabera. Islatu nahian ari diren errealitatean, independentziaren aldekoek ez dute katalanen aurrerabidea nahi, atzerakoiak dira... eta beren buruaren jabe, erabakiak hartzeko kapaz ez diren umeak eta nagusiak nahierara baliatzen dituzte.

Noiz ohartuko dira errelato horrek ez dituela gauzak onbideratzen laguntzen eta zauria, etena, are sakonagoa izatera eramango duela. Noiz konturatuko dira Kataluniari eta Euskadiri beste irtenbide bat eman behar zaiela, Espainiarekiko loturak manten ditzaten nahi badute... polizia indarrak mantentzeak, estatuaren kontrolpean autonomia hartzeak eta erkidegoen esku dauden eskumenak birzentralizatzeak ez baitute arazoa konponduko, areagotuko baizik.

Espainiak itun berri bat behar du. Franco diktadorea hil ostean hezurmamituko demokraziaren zorua zabaltzea ahalbidetuko duen ituna. Konplexurik eta morrontzarik izango ez duena, ordukoak izan zuen bezala... eta Espainia eraberri-tzeko itun politiko zabal hori, ahalik zabalena izan beharko du, herritarren aldekotasuna bilatzeko pedagogia soziala egin beharko du eta herritarren, bereziki katalan eta euskal herritarren erabakitzeko eskubidea aitortu beharko du.

Finean, Espainiak iraganari begira geratzearen ala etorkizuna irabaztearen artean hautatu beharko du. Horixe da gakoa. Tamalez, ordea, PPren Gobernua bere eskuinari begira ari da eta ezkerreko alderdi nagusiak barne-kontraesanak ditu... baldintza hauetan bide berri bati ekitea oso zaila da, ezinezkoa dela ez esatearren.