Síguenos en redes sociales:

Bide onetik

Bide onetik

Azterketa gatxari ekin eutsan Athleticek aste biko atsedenaldiaren ostean. Kuko Zigandak berak aitortu eban Sevillaren aurkako norgehiagokak garrantzi handia eukala bere taldearentzat, norantz joan eta zer izan gura dauen zehazteko prozesuan. Zuri-gorriek gainditu egin eben azterketea, sailkapeneko bigarrena menderatu eta itxura sendoa emonda. Esan beharrik ez dago, Athleticek hiru puntu baino gehiago irabazi ebazala Berizzoren taldearen aurka. Zuri-gorriek konfiantza hartu dabe datorrenari aurre egiteko. Baina gauza guztien ganetik, Zigandaren mutilek barriro erakutsi dabe ez dabela amore emoten eta taldea bizirik dagoala bere maila onenatik hondino be urrun egon arren.

Aurreko sei partiduetan garaipenik lortu barik egoteak suposatzen dauen zameagaz ekin eutsan Athleticek Sevillaren aurkako partiduari. Beti esaten dogu porrot guztiak ez dirala bardinak eta Zigandak Valentziaren aurkako norgehiagoka ipini eban jarraitu beharreko erreferente lez Sevillari irabazteko bidean. Mestallan, baina, lehoiek opari gehiegi egin ebezan defenditzeko orduan eta esku hutsik itzuli ziran Bilbora euren joko onari etekinik atara barik. Kontuak kontu, Zigandaren gizonek garbi eukien zer egin behar eben Sevillaren aurka: Mestallako joko onean sakondu eta egindako akatsak konpondu. Eta asmatu egin eben. Athleticek ez eban golik jaso eta markagailuan aurretik jarri ostean ez eban arazo handiegirik izan aurkariaren erasoko jokoa geratzeko.

Zigandak zelairatutako gizon guztiek maila ona emon eben arren, Markel Susaeta eta Mikel Vesga nabarmenduko neukez beste guztien ganetik. Entrenatzaileak eibartarraren aldeko apostua egin dau eta jokalaria ederto erantzuten dabil. Merezimendu osoz eskuratu dau leku bat hasierako hamaikakoan. Susaeta talde gizona da eta lan ikaragarria egiten dau erasora begira zein defenditzeko orduan. Mikel Vesgari jagokonez, bere partidurik onena egin eban Sevillaren aurka. Entrenatzailearen apustu nagusia da erdialderako eta ez deutso ikararik erantzunkizunak hartzeari. Ganera, aurkariaren ate aurrean arriskua sortzen badakiela erakutsi eban domekan Katedralean. Buruz buruko borroketan sendotasuna hartzen dauenean inork ez dau atarako hasierako hamaikakotik.

Susaeta eta Vesga beste guztien ganetik egon baziran be, Iñigo Cordoba eta Kepa Arrizabalagaren lana be erabakigarriak izan ziran Sevilla menderatzeko. Cordobak berbiztu egin dau Athleticen ezker hegala. Zorrotza da aurrera begira baina defenditzeko orduan be ahalegintsu agertzen da. Atezainari jagokonez, goi mailako jokalaria dala erakusten dau domekero.

Azterketa garaian dago Athletic eta Ligan arnasa hartu ostean partidu erabakigarria jokatuko dau Europa Ligako moltzoen faseko hirugarren jardunaldian. Zigandaren gizonek ezin dabe huts egin Suedian. Aurkaria baino gehiago dira eta erakutsi egin behar dabe. Ez dot uste entrenatzaileak aldaketa askorik egingo dauenik hamaikakoan. Asko dago jokoan.

Aitzol Atutxa, Athleticeko zale eta bazkidea, zoriondu behar dogu Euskadiko aizkora txapelketea irabazi barri dauelako laugarren urtez jarraian. Lau aizkolarik bakarrik daukie dimoztarrak baino txapel gehiago: Floren Nazabalek, Joxemari Olasagastik, Anjel Arrospidek -seina- eta Miel Mindegiak hamar. San Mamesen ohorezko sakea egiteko merituak sobran ditu Atutxak.