Kataluniako kaleetan ehunka milaka lagunek erabakitzearen eta hitzarturiko galdeketa baten alde kaleak hartzen dituztenean, horrek katalanen gehiengo baten borondatea -isila omen- ez duela ordezkatzen esan eta esan ari dira Espainiako hedabideak... igande honetan, ordea, Espainiako batasunaren alde mobilizatu direnek gehiengoa ordezkatzen omen dute, nahiz eta aurrekoak baino gutxiago izan eta, eginiko deialdiari erantzunez, horietako asko Espainiako toki desberdinetatik hurreratu diren. Gatazkari irtenbidea emateko asmoz, zein ekarpen egin zuen igandeko mobilizazioak?
Parlamentuan gehiengoak ez omen dauka zilegitasunik alde bakarreko independentzia aldarrikatzeko... Gutxiengoan dagoenak, berriz, zilegitasun osoa dauka gauzak orain arte bezala segi dezaten eskatzeko, antza denez. Gehiengoen eta gutxiengoen kontuan, nahita ahaztu egiten da aurreko legealdian, Espainian, Espainiako Parlamentuan, PP alderdiak gehiengo osoa izan zuela botoen gutxiengoa eskuratu arren. Bestelako sistemarik asmatzen ez den bitartean hauteskundeetako emaitzek ahalbidetzen dituzte bateko edo besteko gehiengoak osatu ahal izatea. Beharbada, horregatik hauteskundeak eskatzen ari dira Katalunian, bestelako gehiengoak eratu daitezkeela uste baitute... baina, kontuz! Gauza bat baita hedabide batzuek -batez ere, Espainiaren batasuna gogotik babesten ari direnek- barreiatzen duten mezua eta, bestea, errealitate gordina. Hemen, 2001eko hauteskundeetan, ikusi ahal izan genuenez. Nolanahi ere, norbaitek uste al du hauteskunde batzuek gauzak bideratuko dituela, estatuko makineria guztia aldaketa horren alde jarrita ere? Ez dut uste.
Urriaren bateko erreferendumak bermerik gabe egin omen zen. Kataluniako Gobernuaren borondateagatik ala Espainiako Gobernuaren ekimenagatik izan ote zen? Emaitzak ez omen dira lotesleak... hori dioenak ez zuen printzipio bera erabili Europako Konstituzioa berresteko, 2005eko otsailaren 20an, Espainian izandako %42ko parte hartzearen inguruabarrean! Eta Espainiako alderdi nagusiek ditxosozko Konstituzioa aldatu zutenean, herritarrei iritzirik emateko aukerarik txikiena eman gabe... Eta urriaren bateko erreferendumak ondorio eragingarririk izango ez baditu, zertara datoz enpresa batzuek tokiz aldatzeko egin dituzten urratsak? Ez ote dago inolako harremanik -denboran eta helburuetan- lekualdatzeak errazteko, pasa den astean PPren gobernuak hartu duen erabakiarekin? Quebec aipatzen da, Quebec-en eginiko erreferendumak lotesleak izan direnean eta independentziak irabaztea gerta zitekeenean.
Sakoneko eztabaidari izkina egiteko, gezur eta kontraesanez beteriko adierazpen ugari en-tzuten ari gara. Kontua da trantsizioan hezurmamituriko eredua, Espainiaren zentralismoa ardatz hartzen duena eta nazio historikoak ukatzen dituena azkenetan dagoela... eta bestelako harreman-bide bati ekin behar zaiola baldin hemen nola Katalunian gauzak onbideratuko badira!
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">