Hezkuntzaren inguruan datorkigunari eragingarritasunez eran-tzun ahal izateko, garai bateko adostasuna eraberritzea ezinbestekoa da. Horrela, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eremu desberdinetatik jaso dituen eskakizunei, bai eta legealdiaren hasieran berak harturiko konpromisoari heldu nahi die ireki berri duen prozesuaren bitartez. Ez da erraza izango ideiak eta jarraibideak bateratzea, besteak beste, bakoitzak egina duen ibilbideak aurrera begirakoa baldintzatzen duelako. Nolanahi ere, ezinbestekoa da hogei bat urte barruko euskal gizartearen perspektiban kokatuko den itun zabal bat erdiestea, gaurko arazoei, erronkei zein datozenei eragingarritasunez erantzungo badie.

Halako eztabaidetan badira gurdiak idien aurretik jartzen saiatzen direnak, bidea egiten hasi aurretik. Jarreretako batek administrazioak sostengaturiko sarea lehenetsi eta gainerako eskaintzak horren menpeko edo osagarritzat hartu behar direla aditzera ematen du. Iritzi honek publikotasunaren ikuspegi murritza erakusten du, eskaintzaren titularra bilakatzen baitu ikusmolde horren ardatz. Kontua, ordea, hori baino zabalagoa da nire ustez. XXI. mendeko gizarteari erantzungo dion zerbitzu publikoa antolatzea da kontua... gure gizartean dauden sareen ekarpena, guztiena, kontuan hartuz, aitortuz eta lankidetza bidean jarriz.

Hezkuntzaren helburua ezin izan daiteke Espainiatik edota Frantziatik deskonektatuko duen eredua sortzea, horrela formulatuz gero, besteak beste, hezkuntzaren eztabaidatik harago doan eta kutsu erabat politikoa har-tzen duen lur-eremura eramaten gaituelako, iritzi-trukea lokaztuz eta adostasunetara iristeko aukerak erabat zailduz. Hezkuntzak zerbait behar baldin badu adostasun zabala da, denboran iraun eta begiz jotzen dituen helburuak lortuko baditu.

Zeintzuk dira gaurko gabeziak eta erronkak; zeri erantzun behar dio hezkuntzak, hots, helburuak; hezkuntza-administrazioak zeri erantzun behar dio eta nola antolatzea komeni da; ikastetxeen autonomia, hezkuntza-erkidegoaren protagonismoa, inplikazioa eta erantzukizun-partekatua ziurtatzeko makuluak; ikasleen aukera-berdintasuna eta integrazioa lortzeko estrategiak; irakasleen oinarrizko eta etengabeko prestakuntza -familiak, ikastetxeak, hezkuntza-administrazioa eta Unibertsitateak lankidetzan jarriz- ahalbide-tzeko mekanismoak; etengabeko berrikuntza, hezkuntza-prozesuetan ikerketa eta ezagutzaren transferentzia sustatzeko heldulekuak; metodologiak eta ikasmaterialak eraberri-tzeko programak, ebaluazio jarraitua... eta finantzaketa. Horra hor zenbait eztabaidagai, hezkuntza-sistema XXI. mendera eramateko orduan, lagungarri gerta daitezkeenak eta bakoitzaren zilborretik harago begiratzea eskatzen dutenak!