ETAk indarkeria alboratzean, Euskal Herriko mapa politikoa berrosatuko zela aurreikustekoa zen. Horrela, Ezker Abertzalearen eremu gotorrak indarkeriarekiko erakutsitako jarrerak eta morrontzak sorturiko egoera onbideratzeko urratsak iragarri dira. Inguruabar horretan, Aralarrek bere urteetako ibilbideari amaiera eman eta alderdi honetako kideek dituzten ideiak EH Bildun aldeztuko dituztela iragarri berri du. Era berean, ETAk berak, jada hor zehar zabaldutako berri bat, bere etorkizunarekin zer ikusia daukana, erabakitzeko eztabaida abiarazi duela barreiatu berri du.
Aralarrek babestu dituen ideiekin bat etorri ala ez, ukaezina da oso baldintza eta egoera zailetan -bereziki Ezker Abertzalearen gune gotorretik jasan behar izan dituen erasoengatik- egin duen ekarpena garrantzi handikoa izan dela gogorkeriaren hauspo eta arima izan direnak jarreraz alda-tzeko... eta jokabidez aldarazteko. Izan ere, garai batean Aralarrek esaten zituenak, egun, Ezker Abertzalearen kide esanguratsuek esaten dituzte, batere konplexurik gabe.
Ikuskizun dago egoera horrek ezkerreko alderdien arteko indar korrelazioan izan dezakeen eragina, bai eta lankidetzarako ireki ditzakeen aukerak ere, batez ere etorkizunari begira. Halaber, abertzaleen orain arteko harreman gorabehera-tsuak bideratzeko orduan, aukera berriak egongo ote diren ere ikusteko dago. Izan ere, ezkerreko alderdien nola baita aber-tzaleen arteko harremanetan sakontzeko, eta, lankidetza areagotzeko dagoen oinarrizko arazoa alderdi batzuek hegemonia eskuratzeko borroka lehenestea da. Honek, hainbatetan, zail egiten du aurrekontuetan bideragarriak diren proposamenak egitea eta adostea, eta, burujabetzaren aldeko bidean urrats berriak egin ahal izatea. Nor baino nor estrategiak ez digu lagunduko ardatz batean zein bestean aurreratzen, nire ustez.
Euskal lurraldeen artean harremanak areagotzeko, euskara biziberritzeko, autogobernuan zein bestelako gaietan sakon-tzeko, garrantzi handikoa da desberdinen arteko elkarrizketa hezurmamitzea eta adostasunak erdiestea. Pazientzia historikoa, urratsez urrats egoera berriak erdiestea, gizartea zartatu gabe trinkotzen saiatzea... guzti-guztiak beharko ditugu XXI. mendeari begira egongo den gurea bezalako gizarte bat zaharberritzeko, gure izaera eta gure ezaugarriak ardatz hartuta. Gizartearen gehiengo zabal batek ulertzen eta partekatzen ez dituen estrategiek ez gaituzte helburuetara lehenago hurreratuko, alderantziz baizik... hortxe dago gizartean egin behar den eztabaidaren gako nagusia, baldin, asmoz eta jakitez, aurrerabiderik izanen badugu!
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">