sarritan azaleratzen den galdera izaten da emakumeak zergatik joaten ote diren komunera elkarrekin. Eta batzuen kasuan, zergatik, gainera, sartzen diren komunean lagunarekin, ustez behintzat, biek batera ezin dutenean eginbeharrekoa egin. Bat bere eginbeharretan dabilen bitartean, zertan izaten da bestea?
Egia esan, emakumezkoa izan arren, ez dut sekula asegarritzat jo dudan erantzunik jaso. Aurtengo udan, ostera, komun publiko batzuetan zain nintzela, emakumezko ezezagun batek, atea intzirrikaturan utziko zuela eta atea zaintzeko eskatu zidan. Komunetik atera zenean, atea ixteak beldurra ematen ziola aitortu zidan eta beti emakume bila aritzen zela komunera joan ahal izateko, beti zein sartuko beldurretan?
Eta bart gertatu zait xelebreena. Loak abandonatu nauen tarte batean, kaleko zalapartak balkoira eraman nau. Dozena erdi neska gazte ziren zarataren arduradunak. Inguruko jairen batzuetatik bueltan ziren itxura guztien arabera, baina ni balkoitik begira jarri naizenerako, desordenaren barruan halako ordena bat jartzen ariak zirela konturatu naiz. Binaka banatu dira. Bi aurrean, bi atzean, eta bi erdian. Aurrean zeudenak, erdikoengandik bost metrora jarri dira gutxi gora-behera eta atzekoak, berdin, beste bost metro atzera. Lau neskak, udaltzainak balira lez, hara eta hona begira, zelatan jarri dira. Bitartean, erdian gelditu diren bi neskak, aparkatuta zeuden kotxe artean sartu, galtzak belaunetaraino jaitsi eta hustu egin dira. Hiru aldiz errepikatu dute jolasa, kotxe tarte ezberdinetan ezkutatuta. Sei erreka utzi dituzte.
Gogoa eman dit, espazioaren dimentsio bat deskuidatu dutela oihukatzeko. Gogoa ematen dit ura botatzeko, ez neskei, errekak ibai bilaka zitezen baizik. Baina nahiago izan dut nire burua konplize ez egin eta hainbatetan egin dugun galderaren erantzunarekin gelditu.