Irailaren 1etik 5era bitartean, Durangok Udaleku Artistikoen lehen edizioa abiaraziko du. Haur eta Gazteria sailak martxan jarritako ekimen honen helburua udalerriko haurren sormena, adierazpen artistikoa eta garapen sozial eta emozionala sustatzea da. Bestalde, familia ugarik eskola garaian ez diren haurrentzat aisialdirako aukera berriak eskaini eta zabaltzeko eskariari erantzuten dio ekimenak. Saioak goizeko 9:0eetatik 14:00etara izango dira, eta Durangon erroldatutako 2015 eta 2021 bitartean jaiotako haurrei bideratuta dago.

Udaleku Artistikoek hainbat diziplina artistikotan oinarritutako jarduerak biltzen dituzte, hala nola arte eszenikoak, musika, literatura, arte plastikoak eta ikus-entzunezkoen alorra. Gainera, San Agustin Kulturgunea, Zugaza Zinema, Plateruena Kultur Aterpea, Bizenta Mogel Biblioteka eta Durangoko Arte eta Historia Museoa bisitatuko dituzte, tokiko ondarearen ezagutza sustatzeko.

Izena emateko epea ekainaren 9tik 13ra egongo da zabalik, eta 80 plazak zozketa bidez esleituko dira. Aste osoaren prezioa 60 eurokoa da, ikasturtearen hasieran familien kontziliazioa errazteko, pantailak alde batera utzi eta aisialdi osasungarria eskainiz.

Informazio gehiagorako eta izena emateko, familiek Intxaurrondo Gaztegunera eta Kulturgunera jo dezakete, 94 603 00 30 zenbakira deitu, intxaurrondo@durango.eus helbide elektronikora edo 630 81 52 43 WhatsApp-era idatzi.

Jesica Ruiz, Haur eta Gazteria zinegotziak, azpimarratu duenez: "Programa honen bidez, Durangoko Udalak familien kontziliazioa errazten du ikasturte hasieran, eta aspaldi egindako eskaerari erantzuten dio. Horrez gain, haurren ongizatearekin eta prestakuntza integralarekin dugun konpromisoa berresten dugu, artea eta kultura hazkunde pertsonal eta sozialerako funtsezko tresna gisa balioetsiz”.