Halaxe zioten gure aurrekoek. Adierazi gurean, berez, inolako ahaleginik egin, nekerik hartu gabe ez datorrela ezer, hain zuzen. Tarteka segitu ditut Kataluniako Parlamentuan urriaren bateko galdeketa egin, bai eta osteko egoerari aterpea eman ahal izateko, izan dituzten eztabaidak eta hartu dituzten erabakiak. Aitortu behar dut halako esangura handiko gaiak bideratzeko moduak -arautegia erabat bihurritu dutenak- ez direla egokienak, nire ustez, nahiz eta dakidan bestelako bide bati ekin izan baliote onartzeko puntura ere ez zirela iritsiko, galaraziko zieten eta. Ondorioz, azpimarra-tzekoa da ohiko bideak balia-tzeko eragindako ezintasunek ekarri dutela Kataluniako Parlamentukoa.
Jazotakoagatik arropak urra-tzen dituzten batzuek eskura dituzten helduleku guztiak baliatu dituzte Parlamentuak, ohiko prozedurak erabiliz, orain arte hartutako erabakiak bertan behera uzteko. Horrela, bide demokratikoetatik eginiko aldarrikapenak, menpean dituzten epaitegiak baliatuz, ezerezean laga dituzte. Honenbestez, estatuak, irauteko asmoz, trantsizio aldian gorde zituen eskumenak erabiliz, sakoneko eztabaida politikoa saihestu nahi du. Espainian aldian-aldian gobernatzen jardun dutenek elkarrizketarako eginiko gonbitak boz gora jaurtitako hitz merkeak baino ez dira, baitakite Kataluniak zein Euskadik aldarrikatzen duten berdinen arteko harremana ez dutela inoiz ahalbidetuko, dezaketen neurrian.
Ibarretxe lehendakariak araubideak finkatutako urrats guztiak egin zituen, Estatutu egitasmo berria Gorteetan aurkeztuz eta aldeztuz. Orduan ere ez zuen aurrerabiderik izan, estatuko bi korronte politiko nagusiek ez baitzuten inolako aukerarik ere eman. Trantsizioaren ondorenak dira horiek guztiak. Orduko hartan, diktaduratik demokraziara igaro ahal izateko, eskatutako ordainsariak hainbat izan ziren, horien artean: ikurrak -bandera eta abar-, eredu politiko gisa Errepublika baztertzea eta monarkia onartzea, herrien autodeterminazio eskubideari uko egitea eta Espainiako batasun nazionalari kosta ahala kosta eustea. Trantsizioa ahalbidetu zuen itunak, arian-arian josi zenak, ezkerreko alderdiak berriro iraganarekin, sorburuan izan zuten jarrerarekin ezkontzea ekarri zuen, eguneratze oro baztertuz. Ez epaitegiek, ez eta indar militarrek itoaraziko dute lurralde historikoetan dagoen ezinegona... eta jadanik, tokiko hizkuntzen kontra erabakiak hartzeko eta desberdintasun oro ezerezean uzteko, egiten ari diren adierazpenek ezinegon hori areagotu besterik ez dute egingo. Espainiak arazo bat du... eta gogorra, erabaki behar baitu iraganari begira segitu nahi duen ala estatu moderno bat izatera iritsi nahi duen.