uME txikia hondartzan etzanda, ahuspez, aurpegia ezkerrera jiratuta apur bat. Elastiko gorria, bakeroak diruditen galtza laburrak gerriaren aldean jaitsita. Zapatak ez zaizkio askatu, eta jan-tzita dituela agertu zen duela bi urte. Argazkiek min egiten dute batzuetan, eta bota-larria eragiten dute beste zenbaitetan, eta badira hori guztia batera eta bat-batean sortzen duten irudiak, sabelaren goialdera zuzenean doan ukabilkada bat bezala.
Argazkiak erakutsi zigun egun horretan jazotakoa eta hari esker jakin genuen haurtxoaren izena, Aylan, eta baita haren familiaren bidaiaren gora-beherak ere, honezkero ahaztu ditugunak. Izan ere, zertarako gogoratu drama horren zertzeladak xehetasun horiekin guztiekin zer egin ez badakigu?
Argazki hori ikusi baino hilabete bat lehenago jakin genuen 10.000 haur galdu zebiltzala Europan barrena eta haren berri zehatzik ez zekitela inongo poliziek edo muga-zaintzailek. Hori ere ahaztu dugu, zeren eta, zertarako gogoratuko dugu jakite hutsak sortzen digun ezinegonarekin zer egin ez badakigu?
Aylan hondartza-bazter horretan agertu zenetik bi urtera, zenbat gehiago hil dira, zenbat haur eta gazte, zenbat gizon eta emakume? Ez dakigu, jakiteak esfortzu handia eskatzen duelako. Orduan elkarri esaten genion irudi hark barruak mugiaraziko zizkigula eta bizkortu egingo zuela erreakzioa, dena delarik ere erreakzio dei-tzen dugun hori.
Laster agortuko da Europako Batasuneko herriek adostu zuten dagozkien errefuxiatu-kuotak hartzeko epea, eta ongi dakigu ez dela agindutako kopurua (orduan ere eskasa iruditu zitzaiguna) inondik ere beteko.
Zertarako exijitu sikiera agindutakoa bete dezagula? Estatuek eta ahalmen hori dutenek huts egin dute, emandako hitza lotsagabeki janez. Beste horrenbeste egin dugu geuk ere, etxeko besaulkitik kexaka jardutetik askoz harago doan geure herritar-ardurari uko egin diogulako.
Ume txikia hondartzan etzanda, burua ezkerretara jiratuta apur bat, guk haren aurpegia ikusteko, berak geurea sekula ikusiko ez badu ere.