Urriaren bateko hitzorduari begira aste erabakigarrian sartu gara. Izan ere, Kataluniako Parlamentuak asteon egingo duen bilkuran, urriaren bateko deialdia ahalbidetuko duen Legea onartzea litekeen kontua baita. Ondoren, Espainiako Gobernuaren erantzuna etorriko da, mendean duen Konstituzio Epaitegiaren bidez. Emaitza aurreikusita dago, lehenago ere epaitegi horrek bertan behera utzi baititu Kataluniako herri-erakundeek, Espainiarekiko loturak etete aldera, hartu dituzten erabaki guzti-guztiak. Horrela, aspalditik Espainiak duen arazo politiko bati hala moduzko erantzuna eman nahi zaio, sakoneko arazoari irtenbidea ematen ez dion eran-tzuna, hain zuzen.

Espainiako Gobernuak ez du inolako urratsik egin gauzak onbideratzeko, oinarrian inolako edukirik ez duen hitz egiteko deiak gorabehera. Jakitun da legea, Espainiako batasuna araubidearen ardatz bilakatzen duena, alde duela... Estatua iraunarazteko makulu eragingarri bilakatu zutela trantsizioan, herri txikiek etorkizuna erabakitzeko inolako oinarririk izan ez zezaten. Beste behin, araubidea aitzakia gisa erabiltzen da, gauzak bideratzeko tresna bainoago. Araubideak berak moldatua eta eguneratua izateko moduak barruraturik dituenean, betiere egoera berriei erantzuteko, bai eta herritarren desirei kasu egin ahal izateko.

Kataluniako gizartearen zati esanguratsu batek irtenbidea eskatzen dihardu, estatuan berdinkideen arteko harremana gauza dadin eskatzen ari da... baina Espainian agintea partekatu duten alderdi nagusiek ez dute nahi mendekotasunezko harreman hori alda dadin. Horixe da sakoneko arazoa. PP eta PSOE alderdiek ez daukate eskuartean estatua eraberritzeko inolako egitasmorik. Lehenengoak indarrean dagoen legea aipatzen du ibilbide ororen muga gisa, bigarrenak, Konstituzioa eraberritzeaz dihardu... baina aurreratu dituen printzipioak irakurri ondoren, gauzak orain arte bezala geratuko dira, itxuraren aldetik aldaketaren bat gorabehera.

Gizartean diren arazoak onbideratzeko tresna bada politika... politikak porrot egin du eskuartean darabilgun auzian eta epaitegiek, desgaitzeek, hautetsontziak bahitzeak ez dute porrot hori estaliko areagotuko baizik. Aterabiderik ez ematea, erresumina indartzeak ez ditu arazoak konponduko. Iritsi garen puntura iritsita konpromiso politikoa eskatu behar da. Batetik, herritarrei egin nahi zaien galdeketa ahalbide-tzeko eta, ondoren, emaitzak, zeinahi direla, kudeatzeko. Printzipio horien inguruabarrean hezurmamitu beharko litzateke desberdinen arteko akordioa... baina beldur naiz desira horrek bide laburregia ez ote duen izanen!