ZALANTZA bat dugunean, edozein motatakoa, batzuetan norbait gure aurrean agertu eta zer egin behar dugun esatea nahi izaten dugu. Ezkerra ala eskuina, zuri edo beltz, bai ala ez. Zer egin? Zer erantzun? Hara edo hona joan? Pertsona horrek gure partez erabakitzea desiratzen dugu batzuetan, zalantzak duen pisua gainetik ken-tzeko. Baina luzarora, ez dira honelako erantzunak asebetetzen gaituztenak, izan ere, guk zer egin ez dugula erabaki sentitzen baitugu. Esango nuke barru-barruan behar izaten duguna ez dela norbaitek zer egin behar dugun esatea, ez dela norbaitek soluzioak ematea, baizik eta gure zalantza harekin partekatzea, haren arrazoiak gure arrazoiekin uztartzea, eta laguntza izatea azkenean erabaki on bat hartzeko. Hitz batean, norbaiten ekarpenen laguntzarekin, gauzak argiago ikustea da benetan nahi izaten duguna, azkenean guk geuk, bere laguntzaz, erabaki bat hartzeko gai izan gaitezen. Askotan laguntza eska-tzen dugunean, soluzioak eskaintzen dizkigutenak baino ez ditugu aurki-tzen. Gure zalantzaren aurrean, hau egin beharko zenuke edo beste hau esaten diguten pertsonak, baina haiek ez dituzte askotan gure zalantzaren sakoneko arrazoiak ezagutzen, ez dute gure barruan ikusten ari garen kolore gama guztia ikusten, ez dakite zergatik egiten zaigun zaila gauza bat ala bestea erabakitzea? Hitz batean, haiek ez dira gu.
Batzuetan faltan sentitzen ditut bestelako laguntzak. Zure bide zalantzati horretan zurekin batera izango dituzun bidelagunak, zure zalantzaren zergatiak ulertzen saiatuko direnak eta euren iritziak ekarpenak eta ikuspuntuak mahai gainean jarri eta hausnarketa konpartitu bat egiteko prest daudenak.
Batzuetan erantzunak eta soluzioak emango dizkigun norbait agertzea nahi izaten badugu ere, nekearen eraginez erabakitako errazkeria horren aurrean, askoz beteago sentitzen gara hitz bitan soluzioak ematen dituztenengandik urrun gaudenean, eta gu bezala zalantzak dituen beste norbaitekin gaudenean. Askotan ez ditugu soluzioak eskatzen, horietara heltzeko bidean norbait lagun izatea baizik.