azken egun hauetan, Bartzelonan gertatutakoaz denetarik entzun dugu. Horrelako tragedia bat gertatzen denean, batzuek ur nahasiak gehiago irabiatzen dituzte nahasiago bilaka daitezen. Kasu hauetan, azaletik gertu izaten dira sentsibilitate guztiak, eta deskalifikaziorako bidea erraztasun lotsagarriaz erabiltzen da, errua beste guztiena baita beti. Horrexegatik, minarekin batera, batzuek une hori probestu egiten dute errenta politikoa ateratzeko, eta kontu harrigarriak entzuten dira hainbat hedabidetan. Nabarmenetakoa polizien arteko harremanez izan da. Badirudi Espainiako poliziak ez duela Mossoekin kolaboraziorik egin nahi. Atentatuen argiketan Espainiako poliziaren eta Kataluniako Mossoen arteko harreman gaiztoak agerian izan dira. Lehenak ez dira oraingo honetan salbatzaileak izan eta protagonismoa erabat galdu dute. Gainera, Mossoei, larrialdi zerbitzuei eta hango udaltzaingoei urrezko domina eman zaie, eta Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak ez dute aipamenik jaso, eta bazterrean lotu dira amorraturik.

Beste aldetik, katalan hizkuntzak espainolaren hegemoniaren gaztigua jasan behar izan du beste behin. Atentatuaren nondik norakoak azaltzerakoan, Generalitateko ordezkariek katalanez hitz egin zuten (normala ezta?). Bada, horrek antza denez, Espainiako hainbat hedabide haserrarazi ditu. Prentsaurrekoan bertan, kazetariren batek aretoa abandonatu zuen katalanez azalpenak eman zirelako, “guztiok ulertzen dugun hizkuntzan” ez zelako egin. Eta kritika ez zen hor gelditu, atentatuaren lehen balorazioa egiteko agerraldian Kataluniako ordezkariak bakarrik egotea ere (Espainiako Gobernuko ordezkaririk gabe) gaizki esaka aritzeko arrazoia izan da. Gauza bera gertatu da biktimen nazionalitatea aipatzean. Espainolak eta katalanak ezberdindu dituzte, eta kalapita ere sorrarazi du horrek. Independentismoa izan da beste jomuga bat. Horren aurka ere agertu ziren hainbat editorial, betiko lez, atarramendu politiko zikin eta samurrena erdietsi nahian. Lagundu beharrean, zirikatu, molestatu, desprestigiatu egiten dute batzuek.