Udako etxeak
uDAKO etxeak. Batzuek, udan etxe bat alokatzeko eta hotelen bat bilatzeko beharrik ez dute izaten, gurasoen edo aitona-amonen edo familiak kostaldean edo herriren batean holako etxe bat izateko zortea dutelako. Kasu hauetan, honako udako etxe hauetan iraganarekin egiten dute topo. Ez bakarrik bertan igaro dituztelako haurtzaroko uda luze eta ahaztezin haiek. Horrez gain, udako etxeetan garai batean beste etxeetan erabili eta jada nahiko zaharkituak geratu diren gauzak eta tresnak aurkitzen dituztelako: Gurasoei ezkontzan oparitu zieten baxeratik oraindik apurtu gabe geratzen diren plater eta edalontziak, haien inizial bordatuak dituzten izarak, garai bateko toailak? Inoiz lehen mailako gauzak izan ziren etxean, baina modaz pasatu edo zahartu zirenean, gurasoek udako etxera eraman zituzten, beste berri batzuek haien lekua hartu zezaten. Eta udako etxera bueltatzean, bat batean, han aurki-tzen dituzte berriz, futboleko bigarren mailara jaitsi diren elementuak: garai bateko sardeskak, kazolak, gortinak, aulkiak?
Batzuetan, garai batean zure bizitzan oso inportanteak ziren pertsonak aurkitzen dituzu, eta urte askoan elkar ikusi gabe egon ondoren, haiek ikustean udako etxeko gauza haien antza eta usaina hartzen diezu, eta pentsatzen duzu beraientzat ere zu halako zerbait bihurtuko zinela seguru aski: garai batean euren bizitzan zentzu eta garrantzi handia zuen zerbait zinen agian, baina gaur iraganeko elementua zara. Lehen bere bizitzan betetzen zenuen lekua eta berak zurean betetzen zuena, guztiz aldatu dira. Eta halakoetan baliotsua da jasotzen dugun irakaspena: dena ez dela betiko eta dena aldatzen doala une oro, baita guk besteen bizitzan betetzen dugun lekua ere, eta haiek gurean ere. Baina hala ere, beti dagoela lekuren bat, non berriz lehen mailako sentitu gaitezkeen. Udako etxe baten erreinuan garai bateko gortinak, izarak, sardeskak bezala.