Síguenos en redes sociales:

Azalean

Azalean

NeUK ere egin dut. Neu ere ez naiz libratzen. Eta ziur neuk ere askotan egingo dudala oraindik. Egunkariko titular bat irakurri, norbaitek egindako komentario bat entzun, edo sareetan zerbaiti buruz hitz egiten dela ikusi, eta gaiari buruz gehiago jakin barik, datu eskas eta testuinguru gabeko batzuekin bakarrik, gaiari buruzko nire iritzia modu kategorikoan eman. Neuk ere egin dudala diot, izan ere, oso zabaldua dagoen praktika da eta norbera ez da kontziente izaten egiten duenean, baina benetan gai baten inguruko informazioa duzunean, eta gai horri buruzko informaziorik izan gabe euren iritzia modu horretan ematen ari direla entzutean, benetan gaizki sentitzen naiz. Ez hainbeste pertsona horren jarreragatik, gizarte hau azalean bizi denaren adierazle argi bat dela sentitzen dudalako baizik.

Gure garai honetako gaitzetako bat gai guztiei buruz zerbait jakin eta gai gutxi sakonean ezagutzea da. Nola jakin ezer albistearen titularra bakarrik irakurtzen badugu, adibidez?; nola albiste hori idatzi duen kazetariak ere askotan ez badu sakonean egin azterketa bat gaiari buruz eta jaso duen informazio eskasari egia absolutuaren kategoria eman badio?; nola sareetan ibiltzen albiste betekada sentitzen badugu, horietako albiste bakar bat bere osotasunean irakurri gabe ere?; eta, honekin batera, martxoan egunkarietan lekurik izango ez lukeen albiste batek abuztuan hainbeste leku bete-tzen badu, adibidez, horrek argi uzten du aktualitatearen arbitrariotasuna, besteak beste.

Superfiziean bizi gara, azalean, eta honek manipulazioren harrapakin bihurtzen gaitu. Tabernan zertaz eztabaidatuko dugun ez dugu geuk erabakitzen, eta eztabaidatzen dugun hortaz ere askotan ez dugu askorik jakiten. Hala ere, berba egitea momentuz doakoa denez, ba guri bost informazio horren protagonistari min egiten badiogu; bost jaso dugun informazio hori benetakoa ez bada ere; bost alde bateko iritziak bakarrik ezagutzen baditugu? Garrantzitsuena gure iri-tzia zein den argi geratzea baita. Alde edo kontra gauden. Zalantzarik ez dugula erakustea. Eta gero, hau horrela da eta kito, esatea. Horrela lasaiago geratzen gara.