GAROÑAZ idatzi nahi nuen gaurkoan, Garoñako zentral nukelarraren itxieraz, jakina, azken finean albiste onak ez baitira egunerokoak erruz ematen dituen opariak eta, bide batez, Javier Marotoren kontura txantxa pare bat egin, Gasteizko alkate ohiak berehala, itxieraren albistea jakin bezain laster, zabaldu baitzuen sare asozialetan bera izan dela unibertso honetan, baita paraleloetan ere, Garoña ixteko gehien egin duen pertsona.

Baina egunerokoak ustekabeak maite ditu, antza, eta gaur, abuztuaren 8an, egunkari bat irekitzean jakin dut alderdi politiko berria jaio dela Espainiako Erresumaren zeru-lur garbietan. Egunkari horren arabera, Julio Llamazares, Baltasar Garzón, Cristina Almeida, Federico Mayor Zaragoza, Antonio Gutiérrez eta ezagutzen ez ditudan beste pertsona ziur aski garrantzitsu batzuk alderdi politikoen erregistrora joan dira marka gordetzera lapurren beldur. Bide batez, Mayor Zaragozaren hitzaldi txar, penagarri eta populista batean izan nintzen orain dela hilabete ba-tzuk lantokiak behartuta. Marka, alderdiaren izena, alegia, “Actúa” da, edozein lapurren amets erotikoa. Alderdi politiko berria ezkerrekoa da eta progresista (uler beza bakoitzak nahi duena), eta “Por una política del Cambio” izeneko manifestu batekin dator (sinatzaileen artean Javier Madrazo sailburu ohia ikusi dut). Badirudi irailetik aurrera aurkezpen bira egingo dutela, musika taldeen antzera, egitasmoa ezagutzera eman eta jendearen balizko erantzunak jasotzeko. Dena ondo badoakie, hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko dira, Europakoetara 2019an aurki. Baikortasuna batzuetan hunkigarria da.

Nik Euskal Herritik ikusi nahi ditut, batez ere jakiteko nola euskaratuko duten alderdiaren izen bitxia (ni ere batzuetan baikorra eta hunkigarria naiz). Jardun? Aritu? Nik Ekin proposatuko nieke, horrela Baltsar Garzónek ibilbidea borobilduko luke borobilik borobilena borobilduz, denbora presentea eta denbora pasatua akaso daudelako biak presente denbora futuroan, T. S. Eliot-ek, Arestiren bitartez, idatzi zuen bezala.