Síguenos en redes sociales:

Jendea non? han aukera!

bAdut lagun on bat Kontxara paseatzera joaten dena, pentsatzera, bere mundua ordenan jartzera. Europako hondartzarik ederrenak horretarako eta pixka bat gehiagorako ere ematen du. Uda honetan, egitasmo bitxi bezain interesgarri baten jabe egin da: hondartzaren gaineko arkupeetan, gerizpetan baina Donostiako lekurik pribilegiatuenean, itsasoari karenka begira, liburutegitxo bat jarri dute. Zabalik astelehenetik igandera, goizeko 11:00tik arratsaldeko 19:30ra, etenik gabe. Bertan, egunkariak, aldizkariak eta liburuak hartu daitezke doan, nagusi zein gaztetxoenentzako: egunkariak eta aldizkariak lekuan bertan irakurtzeko eta liburuak, ostera, izena eman eta hondartzara eraman ahal dira. Irakurgaiak lau hizkuntzatan aurki daitezke: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.

“Non egon behar duten liburuek?” galdetzen zidan paseatzera joandako lagunak: “jendea dagoen tokian!”. Argi izan du, beti, berak. “Jendeari aukerak eman behar zaizkio eta, beranduegi baino lehen, jendeak baliatu egiten du aukera. Funtzionatu egiten du. Aldaketa konturatu gabe ematen da”. Irakurzaletasuna sustatzeaz ari zen.

Hondartzako liburutegiaz hitz egiten ari ginela, Donostia Klasikoari eman zitzaion irteera. Bozgorailuetatik jarrai zitekeen, tarteka, txirrindularien ekina. Euskaraz heltzen zitzaizkigun uhinak. Tarteka gaztelaniaz ere bai. Txirrindularitza euskal kirol gisa ikusten ote den galdetu genion geure buruari. “Nazioarteko lehia da”, erantzun zigun urertzean gurekin zihoan hirugarrenak. Eta gure haserrea konpartitu genuen, ostiral gauean ETBk Haimar Zubeldiari eginiko elkarrizketa gaztelaniaz zergatik eskaini zuten galdetuz. Euskarak ere jendea dagoen tokian egon behar baitu, ETBn adibidez, berez saltzen diren albisteak, eta erreferenteak direnak, euskaraz emanez. “Aldaketa konturatu gabe emango litzateke” azpimarratzen zuen nire lagunak.