UDA garaiko hotel eta ostatuetan, han eta hemen ibiltzen dira musikari, abeslari, aktore eta dantzariak euren ikuskizunak eskaintzen. Hotelaren, jatetxearen edo diskoteka horren mailaren araberakoak izaten dira gehienetan ikuskizun hauen kalitatea eta maila, eta horrela, duela urte batzuk lehen mailako hoteletan ibiltzen zen dantzaria gaur hotel merke batean ari da; antzerkietan zebilen aktorea gaur hiru izarretako hoteletan dabil; eta areto txukunak betetzen zituen kantariak orain diskoteka batean abesten du. Lehen publikoa zena orain oporretan dagoen jendea da eta artistaren ikuskizuna bere oporretako dekoratu bat besterik ez da harentzat. Bidean aurkitu duen zerbait, ez berak gogoz bilatu duena.
Haietako asko inoiz arrakasta izandakoak dira, baina adina edo moda aldaketagatik, publikoak jada baztertu dituenak. Baina badaude haien artean beste batzuk sekula ez dutenak aretoa handi bat bete, edo antzerki bat, sekula ez dutena disko bat grabatu edo ez dutenak pelikula batean parte hartu. Artista hauek beti ibili dira hotel merke, taberna edo diskotekaren batean abesten, dantzatzen eta antzezten. Artista hauek ez dute konplexurik leku horietan ibiltzeagatik, euren habitat-a izan da beti eta harrotasunez eta burua altxatuta irteten dira eszenatokira. Artista hauek errespetua merezi dute baita ere, baina ez da beti horrela gertatzen. Gizarte honetan, antza, izan zaitezke erdipurdiko igeltseroa, informatikaria, kazetaria, garraiolaria, irakaslea, tabernaria? baina artista, ez. Edo artista handia zara, bikaina, ezin hobea, edo ez duzu txalorik merezi. Horregatik, artistak abesten duen bitartean jendeak berba egiten du, barre, beste zerbeza bat eskatzen du oihuka dagoen lekutik, ez du txalorik egiten ikuskizuna amaitzean? Artistak euren atentzioa mereziko ez balu bezala.
Baina nola ez da hau gertatuko bada hoteletan, maila handiagoko ikuskizunetan ere gertatzen hasi baldin bada? Azkeneko kontzertuetan gertatu zait. Jendea algaraka zebilela, ozen berbetan, artistak bere abesti intimoena abesten zuen bitartean. Gure plazak izarrik gabeko hotelak bihurtzeko arriskua sentitu dut honelakoetan.