Síguenos en redes sociales:

Pena bat

Pena bat

NIRE lagun batek esan dit “que es una pena” euskararen erabilerak behera egitea gure kaleetan. Soziolongüistika klusterreko emaitzak irakurri ditu, eta penatua dagoela dio, “con todo el esfuerzo que se está haciendo” gero horrek, antza, islarik ez daukalako kalean. “Pues sí”, esan diot nik, badela bai, benetan “preocupante” egoera, bera bezala euskaraz ikasten ari den jende askok egiten duen esfortzuaren ondoren, kalean euskara gutxi entzutea.

Duela urte asko ezagutzen dut laguna, euskara ikasten hasi baino lehen, horregatik egiten dugu gazteleraz gure artean, ohitura hartuta daukagulako, edo hobeto esateko, nik ohitura hori hartuta daukadalako berarekin, izan ere, nire buruaren barnealdeko espazioren batean gordeta dut ideia bat: laguna euskaraz behar bezala aritzeko guztiz gai ez dela oraindik, eta hobeto ulertuko dugula elkar gazteleraz. Nik gazteleraz egiten diot, beraz, eta berak jarrera horrekin ulertzen du nik ez dudala gai ikusten oraindik nirekin euskaraz elkarrizketa bat izateko.

Baina, hala ere, nire jarrera hain da “a favor del euskera”, hitz egiten ari garen bitartean ere, euskaraz ariko banintz bezala sentitzen dut. Arazoa ez da nirea, euskaraz egiten ez duten beste guztiena baizik. “Una pena” dela, bai, esan diot, egungo gazteak, nahiz eta euskaraz aritzeko gai izan, gaztelerara jotzea beti. Normala dela erantzun dit lagunak, gazteleraz nagusiki hitz egiten den “en un entorno” bizi direlarik. Eta gustatzen zaizkien gauzak, ia guztiak “en castellano” daudela. Euskara beraientzat erakargarri bihurtu behar dugula, arnas guneak indartu behar direla? euskarari buruz ari garenean ohikoak diren esaldiak bota ditugu.

Nik askotan eskertu diot lagunari euskara ikasten hasteko egindako ahalegina, eta berak niri euskaraz idaztea, euskaraz irakurtzeak asko laguntzen omen diolako euskaldun izateko bidean. Euskararen alde “muchas cosas” egiten ditugula aitortu diogu elkarri, eta agurtzeko tenorea heldu denean, elkarri besarkada eman, eta “ondo bizi eta goraintziak familiari” bota diot, eta berak “berdin, eta hurrengora arte” erantzun dit, euskaraz baita ere. Gure euskara maitean, erabileran ahuluneak izatea “una pena” iruditzen zaigun hizkuntza horretan.