Altsasukoak aske
betiKO ohiturak une batez bertan behera utzirik, izenburua jarri diot zutabe honi ezer idatzi baino lehenago. Keinu magikoa, zalantzarik ez, egiaztatzeko agian izenburua idatzi ondoren ez dela polizia bat agertuko nire gelan azalpenak eskatzeko edo atxiloturik nagoela esateko. Eta ez, ez da inor agertu. Argitaratu arte ez naiz lasai egongo, dena dela. Auskalo, polizia batek asteazkeneko DEIA zabaldu eta nire “Altsasukoak aske” ikusi bezain laster delitu bat ikusiko du, ezin argiago. Iruñeko kaleetatik zebilen gazte talde bati horixe bera gertatu zitzaion elastikoetan hitz izugarri horiek inprimatuta eramateagatik. Ez dakit nola bukatuko den afera, baina isun txikiena ere gehiegikeria izango litzateke, gehiegikeria den bezala, aldi berean, segundu bakar bat komisaldegi batean ematea elastiko batean hitz horiek idatzita erakusteagatik. Edo polizia, hain gauza serioa, modaren polizia bilakatu da? Kasu horretan ehundaka pertsona eraman behar izango dute komisaldegietara Iruñean bertan (argazkiak daude), eta edonon, ikusten denagatik. Edo hemendik aurrera polizia bat kontratatu beharko genuke guztiok personal shopper moduan gustu txarreko jan-tzietan ez erortzeko?
Bestaldetik, Iruñeko gertaerak badauka irakurketa soziolinguistikoa. Antza denez, Iruñeko polizia horiek elastikoetan idatzirik zegoena ulertzen zuten, euskaraz, hizkuntza zail hau, egon arren. Ertzaintzaren maila gainditu ote dute polizia nazionalek Nafarroan? Nola da posible? Soziolinguistikan adituak jo ta ke lanean irudikatzen ditut une hauetan fenomeno bitxia ikertzen. Gasteizen badago ingeles akademia bat nire ustez oso propaganda ona duena: “Helping people to understand their t-shirts and a whole lot more since 1985” (Jendeari bere elastikoak ulertzen laguntzen eta askoz gehiago 1985tik). Eusko Jaurlaritzak ertzainen euskara maila hobetu nahi badu, hortxe bertan du bidea.
Txantxak txantxa, larriena da Altsasuko gazte espetxeratuei gertatzen ari zaiena, fiskaltzak eskatu duen urte kopuru absurdo eta mendekuzkoa. Altsasukoak aske, berriro ere.