Kirola, neurrian
EMAN kirolari” dio letra larriz, sasoian zehar kiroldegira, zintzo demonio goizero goizetik, joatearren opari didaten elastikoak. Sasoi bukaerako diploma moduan eraman dut etxera. Zenbakidun notarik ez didate eman andereño/monitoreek baina bai elkarrekin gustatzen zaigun zer edo zer egitearen oroigarria. Sari bat, azken baten, baina sariaren ukazioa, bestalde, joan garen denontzat berdina egon delako. Helburu berdintsuaz goazelako -gure osasunerako ona delakoan- eta lorpenak ere an-tzekoak, alegia, irail edo urrian izan genuen pisua gramo gutxi batzuk arintzea, edo ez. Elastiko hori eta elkarrekin egindako bazkari gozo bat hurrengo kurtsoan elkarrekin biltzeko aitzakia. Hortik harago eta betidanik kirol zalea izateaz gain, gazte urte batzuetan zuriz jantzi nintzan frontoietan eta kirol kazetari lanetan -ogi bide- ere dozena bat urtetik gora eman ditut. Luzaroan, beraz, kirola eta kirolarien inguruan.
Neurri kontua izango da, beraz, kirol egitea zalantzan jarriaz gainera gorrotatzeraino erortzea, kiroldegiko sari horieatik astebetera. Hurbileko inor, Gabino, bizikletan zihoala auto batek aurretik eraman eta ospitalean dagoela eta egun beretsuetan, asteburu berean, sei kirolariren izenek hedabideen titularrak, tamalez, bete-tzen zituztela ikusteak zinezko zer pentsa eman didatelako. Gogoratuz, Zerain eta Galván behin betiko Himalayako txoko batean elurpean izango direla, Valverde eta Izagirre urte osoan saia-tzen eta amesten izan diren lasterketaren lehen egunean erori eta amets gaizto bat bezala etxeratzea, edota zezen plaza bati bueltaka zebiltzala -astakeri batzuk egin ondoren- bata ospitalera eta bestea ia ia, eraman zituzten Txikon eta Larrañaga. Barkatu astakeria erabiltzearren baina seirak ala seirak, zirkunstantzia ezberdinetan izan arren, neurriz gain edo limitean aritu zirelako. Ondorioak, erabat diferenteak mendizaleena eta besteena baina, berresanez, gorputz eta arimaz neurriz landa dabiltza denak ere. Lezio bezala, Eman kirolari, baina neurrian!