Turistak
JORGE Luis Borgesen arabera Konfuziok ez omen zuen bidaiatzea gehegi maite, are gehiago jakintsu txinatarrak pentsa-tzen zuen inork ez zuela etxetik atera behar ezta auzokoaren oilategia ikusteko ere. Gaur egun bidaien aurka idaztea ez dago modan, gauza bitxia benetan, gure mundu honetan bidaiak ia-ia erabat desagertu baitira. Bidaia hitza erabiltzen segitzen dugu, baina guk guztiok egiten duguna beste gauza bat da, izenik ez duena (edo bai), agian beldurgarria izan daitekeelako balizko izen hori. Beharbada beste leku batean ikasi edo lan egiteko egiten diren bidaiak dira bidaia izena merezi duten bakarrak; beharbada, garai honetan, emigranteek egiten dituztenak dira bidaia izena merezi duten bakarrak. Beste guztia turismoa da.
Badago oraindik bere burua turista-tzat hartu nahi ez duen jende asko. Horientzat turistak, infernua bezala, besteak dira beti. Hamaika argudio bihurri ehuntzen dute azaltzeko haiena ez dela turismoa, dela hilabete asko pasa dutelako etxetik kanpo, dela modu ustez alternatiboan jokatu dutelako, dela edozer gauza, baina analisi azalekoenak ere argi uzten du bidaia horiek guztiak turismoa baino ez direla, turismo sofistikatua edo garaiz kanpokoa edo nahi duzuen adjektiboa erantsi, baina turismoa azken finean.
Turistak beste turista guztiak gorrotatzen ditu; turistarik gabeko parajeen bila ibil daiteke ihes zoroan, eta ez da konturatzen paraje berri horietan lor-tzen den sari bakarra hogeigarren edo ehungarren turista izatea dela, inoiz ez lehena. Turistez beteriko leku batean bizi denak turistak gorrotatzen ditu, eta arrazoiak ditu hori egiteko zalantzarik gabe, baina ahantzen zaio bera ere turista dela txokotik atera-tzen den bakoitzean. Orain arte turistarik izan ez duen lekuetan bizi garenok turistez jantzitako turistei argazkiak egiteko tentaldia dugu gu geu turista bihurtuz.
Hedabideak turismoari buruzko albistez beteko dira hurrengo hilabeteetan, denak baikor, jakina, ekonomiak agintzen du. Jasanezina. Eskerrak ni ere, oporretan, turista noala hortik zehar eta ez naizela gehiegi enteratuko.