ITZIARTXU goitizenez idazten ei zuen, gure ama zen, Bizentak Jagi Jagi kazetan eta harek kontatuko bakarra, Emakumeen Batza-n esku hartzen zuen bitartean, Lauaxetak alfabetatu zuela da. Garaikideak izaki, ikasketatik landa horretarako astia eta beta hartzen zuelako Estepanek. Umetatik, beraz, izan dut Laukizandin jaio eta umetan Mungiratu zen poeta oroigarriaren berri. 60.eko hamarkadan euskaraz idatz edo irakurten ikastea, 30.ean antzekoa zen eta Mungian Paulin Solozabalen ekimena erabili genuen gazte batzuek eta Paulin, Estepan bezala, S. Aranazale itsua zenez, behin eta berriz izan genuen poeta horren berrri. Etxean gordetzen dut oraindik abade hark oparitutako Arrats Bera-ren ale txukuna.

Gero ere, adeitasunez artatu du Mungiak, poeta handiaz gain, gerrarako behar zutenean gudarien komandante egin zuten gizon kultoa eta urteak daroaz Udaleko Kultura sailak haren izenean urteoro literatura lehiak antolatzen. Hauexen ekimenez egin zen, duela urte batzuk, herriko kultura erakunde eta bestek esku hartuz, opera herrikoi ikusgarria. Euskal Literaturaren barne dago, bestalde, Jon Kortazarrek 80.eko hamarkadan egindako ikerketa sakonaren tesia, oraindik ere lantzen jarraitzen duena edota, duela bederatzi urte, Miren Billalabeitiak Lauaxetaren Ohiartzunak izenez, duela 80 urte asasinatu zuten idazlearen poema mordo baten aldaraketak editatu zuena. Inés de La Cruz, Rosalia de Castro, Baudelaire, Dickinson, Alberti, Lorca edo J. R. Jimenez-enak, besteak beste. Beti ere, Mungiako Cuatro Vientos auzoan ume eta nerabezaroa igaro zuen idazle finaren oroimenean.

Kontuan hartzekoa, baita, herriak duen musikari hoberenetako batek, Rafa Ruedak, egiten dion abegi eta arreta, haren diska edo albumik garantzitsuena maisuki eskaintzen diolako eta ildo berean eta Arrats Bera izenarekin, igande honetan Olalde antzokian, Jon Maia eta Josu Kamararen zuzendaritzapean eman duten ikuskizuna. Aipatuaz gain, Piti, Ana Salazar, Amillotxeko dantzariak eta abar izan ziran oholtzan, lepo bete zen aretoa emozioz blaituz. Hoientzat, denontzat, Lauaxetak hor dirau!