Erabiltzen ez dena da! Halaxe erantzun nion aspaldi euskararen kalitateaz kezka agertu zidan bati. Izan ere, euskaraz jarduteko aukera urriak dituztenei, harreman-sare erdaldunak dituztenei, familiatik kanpo euskara eskuratu dutenei... eta, oro har, frantsesez edo gaztelaniaz are erraztasun handiagoz moldatzen direnei etengabe zuzentzen aritzeak hiztunen ziurgabetasuna areagotu eta erdaren erabilera ?zalantza bera pizten ez dion hizkuntzarena? indartzen du. Besterik da merkatariek, esatariek, politikariek, hedabideek zein bestelakoek erakutsi beharrekoari buruz ari garenean, sarritan zabarkeriaz eta euskararekiko axolagabekeriaz jokatzen baitute.

Jakin nahi nuke batzuek euskaraz jarduten duten eran gaztelaniaz edo frantsesez arituko balira arrakastarik izango ote luketen. Izan ere, euskarari dagokionez, sasoi batean, baliabide eta ezaupide eskasagoak genituenean, ez dut uste ulertu zitezkeenak egun barkatzeko modukoak izango ote ziren. Denok dezakegu egiten duguna baino gehiago euskara berreskuratzeko eta hedatzen laguntzeko.

Euskararen berreskurapen prozesua fenomeno urbanoa da, batez ere. Gauzak horrela, normala da hiri eta herri handietan euskararen ezagutzak gora egitea... baina, aldi berean, hiri eta herri handietan dago euskara egoerarik zailenean, sarritan berreskuratze hori gertatzen ari dela ez baitu ematen. Bi errealitate indartzen ari dira, euskararen berreskurapenarekin lotura duena eta berreskuratze hori eguneroko jardunean apenas islarik erakusten ez duena. Belaunaldi berriak gero eta eleanitzagoak dira, baina paisaian, aisialdi eta kirol eskaintzan, adierazpenetan eta abar ez da halako joerarik ia antzematen. Areago, bisitari datozkigunak erakartzeko asmoz, sarriago ikusiko ditugu ingelesez idatzitako esaldi eta antzekoak euskara ere badela kontuan hartzen ez dutenen aldetik.

Gure hizkuntzari eutsi nahi diogun, etorkizunik eman nahi ote diogun da kontua. Itzulinguruka, duela hainbat hamarkada ohean hil zen diktadoreari euskara ikasteko eta gure hizkuntza-maila jasotzeko izan dugun arduragabekeria leporatu, arnasbide gisa baliatu gabe. Ikastoletan, eskoletan eta euskaltegietan euskara ikasteko ahalegina egiten ari direnekin bat egin nahi dugun da gaur eta hemen gaia, bakoitzak dezakeen guztietan eta tokietan lan eginez. Bestela, ahalegin hori egin dutenek alperreko zerbait izan dela barruratuko baitute belaunez belaun euskararen transmisioari kalte eginez.

Gure kaleak, auzoak eta bideak jendez bete ditu Korrikak, laster eginen dira Ikastolen aldeko festak... ea ez dugun ahazten guztien esangurarik sakonena gure hizkuntzaren eta kulturaren alde egitea dela, euskaraz biziz, hitz eginez, munduaren aurrean eta barrena existitzen garela erakutsiz.