Aldibereko loraldia
sei partidu baino ez dira geratzen Liga txapelketea eta denboraldia amaitzeko eta Athletic ezin hobeto iritsi da azken txanpa erabakigarrira. Zuri-gorriek zabal-zabalik daukiez Europarako sailkatzeko aukerak eta hori gutxi balitz, taldeko jokalari gehienak sasoi betean iritsi dira lehiaketako azken zatira. Beraz, baikor egoteko moduan gara hurrengo egunetan jokatuko diran partidu erabakigarrei begira.
Athleticen denboraldian atzera begiratuta, garbi ikusten da Ernesto Valverderen taldeak uste eta gura baino arazo gehiago euki dituela. Batez be, aurreko denboraldietan bikain ibili diran zenbait jokalari sasoia hartu ezinik ibili dira aurten lesioak dirala-eta. Zorionez, Valverderen hamaikakoan pisu handia daukien jokalari batzuren loraldia aldiberean etorri da eta gaur egun Athletic sasoi betean dago denboraldiko azken txanpeari ekiteko. Aldibereko loraldi honek indar handia emon deutso taldeari eta hautagai nagusia da datorren denboraldian Europa Leaguen egoteko.
Atetik hasita, Athleticek ez dau egonkortasunik izan atean denboraldi honetan. Valverdek hiru atezainak erabilteko erabagia hartu eban eta egia esateko, Kepak, Iraizozek eta Herrerinek maila ona emon eben jokatu ebezan partiduetan. Gauza asko gertatu dira ordutik eta hona baina Kepa, Realaren aurkako partiduan berragertu zanetik etorri dira zuri-gorrien partidurik onenak.
Atzealdeari jagokonez, denboraldia gurutz bidea izan da Oscar de Marcosentzat. Arabarrak uste baino arazo fisiko gehiago eduki dauz eta sasoia hartu ezinik ibili da. Azkenaldi honetan, baina, betiko Oscar de Marcos ikusten gabilz: sendoa atzealdean eta zorrotza eta sakona erasoan. De Marcos onena itzuli da eta taldeak asko eskertu dau. Balenziaga izan da erregularrena atzealdean. Valverdek esan dauen legez, ez jako ezer eskatu behar daukan guztia emoten dau-eta beti.
Erdialdeari jagokonez, Mikel San Joserik onena ikusi genduan Las Palmasen aurka. Atarrabiakoa sendo ibili zan erdialdeko borrokan baina horregaz batera min handia egin eban aurkariaren atzealdean. Berak zabaldu eban garaipenerako bidea erremate bikain bategaz eta bigarren gola oparitu eutsan Adurizi. San Jose be denboraldiko sasoirik gozoenean dagoala esan geinke. Gauza bera esan geinke Beñat Etxebarriaren ganean. Arratiarrak lesinoak arerio izan ditu denboraldian zehar baina sasoi betean iritsi da Ligaren azken txanpara. Hau guztia gutxi balitz, Ander Iturraspe minutuak jokatzen dabil eta kalidade handiko minutuak ganera. Entrenatzailearen konfiantzea eskuratu dauela pentsa daiteke.
Erasoari jagokonez, partidu biribila jokatu eban Iker Muniainek Las Palmasen aurka. Gauza bera esan geinke Iñaki Williamsen ganean. Gol askorik sartu ez arren, min ikaragarria egiten dabil aurkarien defentsetan. Ganera, ederto konpontzen da Oscar de Marcosegaz eskoiko hegalean. Jokalarien loraldiagaz jarraituta, Markel Susaeta be minutu onak jokatzen dabil azken partiduetan eta taldeak eskertu egiten dau.
Azkenerako itxi dot Adurizen kasua. Lesino txiki ugari euki dauz denboraldian zehar eta igarri egin dau. Azkenaldian, baina, gustura dabil zelaian eta golak sartzen hasi da barriro. Bere ekarpena erabakigarria izango da azken sei jardunaldietan. Kontuak kontu, jokalari askoren aldibereko loraldiak indar handia emon deutso taldeari eta sasoi betean heldu da azken txanpara.