Gizarteak askotan eskatutakoa partez gauzatu da: ETAk kontrolpean zeukan armategia Frantziako Justiziaren esku laga du. Orain gizartearen gehiengoaren eskakizunak erabat betetzeko, desagertzea baino ez zaio falta... eta hori goizago ala beranduago gertatuko da, ez baitu bizirik irauteko inolako arrazoibiderik. Epikarik gabe armak agertokitik desagerrarazi ditu, horren truke ezer lortu ez eta bere historia luzean nahigabea erein dituela... baina behin urrats hori eginda erreparoak jartzen ibiltzeak, eskakizunen langa etengabe igotzen aritzeak ez dakit zentzurik ote duen.
ETAk hil, zauritu, mehatxatu eta abar egin zituenak askotan aipatzen dira, horiei guztiei egia, aitortza, justizia eta erreparazioa zor zaie. Baina, aldi berean Estatuaren gerizpean, baliabide publikoak erabilita, hilik eta zauritutakoak ere badira, Estatuaren aldetik gertakariak argitzeko inolako ekimenik antzeman, aitortzarik izan eta barkamen eskerik entzun ez dutenak. Milaka izan dira, indarkeriarekin loturarik ez zutenak horietako asko, indarkeriari aurre egiteko estrategiaren aitzakian torturak jasan zituztenak. Bateko zein besteko gertaerak, jazotako guztia ezin baliatu daiteke ezeren zuribide gisa. Nolanahi ere, etorkizunean eraiki behar den errelatoak guztiaren, iraganaren ikuspegi kritikoa barruratu beharko du, egiak eginkizun duen bidea egiteko modurik izango badu.
Badira bost urte pasatxo ETA bere estrategia baztertu zuela... Armak entregatzea eta desagertzea izan ziren hurrengo eskakizunak... barkamena eskatzea, damutzea, justiziarekin kolaboratzea, eginiko kalteei erantzutea eta abar gehitu zaizkienak. Baina alde batean ez da inolako ahaleginik, urratsik egin gauzak zelanbait errazteko. Oraindik orain badira preso dauden batzuek berrogei urtez kartzeletan egonen direla diotenak... horrenbeste denbora igaro behar ote dugu ireki diren zauriak ixteko? Ez ote da sasoia presoen kontuari heltzeko, adostasun zabalak bilatzeko eta gai hori bideratzeko? Kudeatu gabeko gai hori utzi behar ote diegu ondoren datozen belaunaldiei... gorrotoa baztertzeko kapaz ez ginelako izan!
Eta hori gutxi balitz, batzuk hasi dira ETAren atzealdean egon den proiektu politikoari zilegitasuna kendu behar zaiola esaten... eta estrategia horretan, laster berrindartuko dira, indarkeria eta abertzaletasun demokratikoak -indarkeria horren kontra urteetan borrokatu dena- gure herriaren burujabetzaren alde esaten dituenak lotzeko saioak, bidenabar beste batzuen egitasmo politikoari hauspoa emanez, Espainiaren ditxosozko batasuna oinarritzat hartzen eta gainontzekoena baztertzen duenari, hain zuzen.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">