Síguenos en redes sociales:

Defentsarako egiturea sendotu

Defentsarako egiturea sendotu

Europako postuetatik kanpo dago Athletic Liga txapelketea amai-tzeko zazpi jardunaldi geratzen diranean. Vila-realen aurka galdu izanak eta aurkarien garaipenek seigarren postutik urrundu dabe Ernesto Valverderen taldea. Edozelan be, zuri-gorrien egoerea ez da askorik aldatu azken jardunaldiaren ostean. Agian, huts egiteko aukera gitxiago daukie Keramikaren estadioan galdu ostean. Kontua da, Athleticen eskuetan dagoala Europarako postuetan amaitzea Ligea edota sailkapeneko bosgarren postua eskuratzea. Horretarako, baina, ezin dabez errepikatu Vila-realen aurka defenditzeko orduan egindako huts larriak.

Ezin dogu esan Vila-realen zelaian galdu izana ezustekoa izan danik. Estatistikari begiratuta, El Madrigal izandakoa, ez da bape estadio gozoa zuri-gorrientzat. Beste era batera esateko, normalean Athleticek ez dau partidu onik jokatzen urpeko horiaren zelaian. Egia da, azken norgehiagoka honen atarikoak itxaropentsu egoteko modukoak zirala. Izan be, zuri-gorriek irabazi egin ebezan etxetik kanpo jokatutako azken partidu biak Anoetan eta Sadarren. Horregaz batera, maila ona emon eben Real Madrid eta Espanyolen aurka San Mamesen. Kontuak kontu, aurreko barikukoa partidu egokia zan estatistika negatiboa hausteko.

Lehen zatiko gauzarik onena, Athleticek erreakzinorako erakutsitako gaitasuna izan zan. Valverderen gizonek ez eben amore emon aurkariaren gola jaso ebenean eta ederto erantzun eben bardinketaren gola sartuta hiru minutu beranduago. Ganera, Aduriz bere taldea aurretik ipinteko zorian egon zan. Partidua erabat irekia egoan bigarren zatirako. Lehoiak, baina, erdi lotan zelairatu ziran eta aurkariaren bigarren gola jaso eben, Bakamburen jokaldi tipiko baten. Valverdek esan dau gol horrek min handia egin eutsala taldeari, eta egia da, baina Vila-realen hirugarren gola are mingarriagoa izan zan. Zuri-gorriek huts ikaragarria, onartezina eta parkaezina egin eben markaketan. Garbi dago partidu baten hiru gol jaso dituen taldea ez dala fin ibili defenditzeko orduan. Athleticek Europan egon gura dau hurrengo denboraldian eta horretarako exijentzia maila handia izan behar da.

Azken txanpako lehen olatu biak hartzen asmatu eban Athleticek baina hirugarrenean kale egin eta olatuen arteko zuloan geratu zan, baborretik eta estriborretik olatu ganean joiazan bitartean. Zorionez, asko geratzen da txapelketea amaitzeko baina Vila-realeko hutsak ezin dira errepikatu. Las Palmas, Betis eta Leganes hartuko dauz Athleticek San Mamesen eta Eibar, Celta eta Alavesen zelaietan jokatuko dau, azken jardunaldian Vicente Calderonen jokatu aurretik. Hogeita bat puntu dagoz jokoan eta Europan egon gura badabe, zuri-gorriek lau-bost garaipen beharko ditue

Partidu guztiak dira garrantzitsuak, bai, baina ikusitakoak ikusita, argi dago Ipuruako partidua erabakigarria izango dala. Aurretik, baina, Valverderen taldeak ezin dau huts egin Las Palmasen aurka San Mamesen. Kanariarrek, Betisek, Celtak eta Alavesek ez daukie ezer jokoan Liga txapelketan eta zelaian igarri egin behar da Athleticek puntuak behar dituela.

Valverderen taldea ondo heldu da azken txanpara. Hortxe dagoz azken sei jardunaldietan lortutako lau garaipenak. Hamaikakoko jokalari asko sasoi onean iritsi dira azken txanpara eta Athleticek sailkapeneko bosgarren postuan amaitu leike. Horretarako, baina, barriro dinot Athleticen defentsarako egiturea haustea ezin dala hain erreza izan. Hurrengo olatuaren bila!