Síguenos en redes sociales:

Hamazortzi punturen bila

Hamazortzi punturen bila

Liga txapelketan erregulartasun handiena erakutsi daben taldeek jokatuko dabe Europa mailako lehiaketetan hurrengo denboraldian. Hamar partidu baino ez dira geratzen eta Athleticek bere esku dauka sailkapeneko lehenengo seiren artean amaitzea. Ernesto Valverderen taldea ez da aurkarien emaitzen zain egon behar denboraldi hasieran jarritako helburua beteteko. Esan geinke denboraldia datorren sapatuan hasiko dala Athleticentzat Osasunaren aurkako partiduan. Hamar jardunalditan erabagiko da urte guztia eta Athleticek bere maila emoten badau eta erregulartasuna erakusten badau, Europan egongo da zalantza barik.

Berrogeita lau puntu ditu talde zuri-gorriak eta hogeita hamar dagoz jokatzeko. Aurreko denboraldira begiratuta, hirurogeita bi puntu lortuta eskuratu eban Athleticen Europarako txartela. Beraz, hamazortzi puntu lortu beharko leukez aurtengo azken hamar partiduetan. Baleiteke puntu gitxitxoago lortuta be Europan izatea hurrengo denboraldian. Athleticeko jokalariak baikor agertu dira ligako azken txanpara begira. Jakin badakie taldeak maila ona emoten dauela denboraldiko azken partiduetan. Igaz 18 puntu eskuratu ebezan azken hamar jardunaldietan, 16 puntu 2014-15 denboraldian eta 18 puntu Valverderen lehen urtean, 2013-2014 denboraldian. Aurrekoan, Marcelo Bielsaren azken urtean, 13 puntukoa izan zan azken hamar partiduetan lortutako uztea.

Aurretikoak ikusita, baikor egoteko moduan gara, bai, baina ez da ahaztu behar lehen itzulian Athleticek 14 puntu baino ez ebazala lortu ligako azken hamar jardunaldietako aurkarien kontra, sei partidu etxean jokatuta ganera. Ligako azken txanpan Athleticek lau partidu baino ez dauz jokatuko San Mamesen eta beste guztiak kanpoan. Espanyol, Las Palmas, Betis eta Leganesen aurka jokatuko dabe zuri-gorriek Katedralean eta ezinbestekoa izango da hamabi puntuak eskuratzea. Ez dot uste ezinezkoa danik.

Etxeko lanak eginda, beste garaipen bi eskuratu beharko leukez etxetik kanpoko partiduetan, Osasuna, Vila-real, Eibar, Celta, Alaves eta Atletico de Madriden aurka. Nire uste apalean, euskal derbiak dira partidu aproposenak Athleticek behar dituen garaipenak eskura-tzeko. Zorakeria izango litzateke Vicente Calderonera lanak egin barik heltzea. Kontuak kontu, sailkapeneko lehen seiren artean ikusten dot Athletic liga amaieran.

Valverderen etorkizuna Zortzi aste gera-tzen dira denboraldiari agur esateko eta eskertuko neuke Ernesto Valverderen etorkizunaren eta datorren denboraldirako entrenatzailearen ganean berbarik ez egitea, eztabaida hori antzua izateagaz ganera, taldearentzat kaltegarria izan daitekeelako. Egia esateko, eztabaida horrek ez nau bape kezkatzen. Garbi daukat Ernesto Valverde dala Athleticek gaur egun eta etorkizunean euki leiken entrenatzailerik onena. Hori esanda, ez deust loa kentzen Txingurrik ez jarraitzearen aukerak. Berak ikusiko dau zein erabagi hartzen dauen baina agur esatea erabagitzen badau zaleok ez daukagu kezkatzen hasteko arrazoirik haren ordezko bikaina etxean bertan dogulako: Jose Angel Ziganda. Hori esanda, albo batera itxi daigun datorren urterako entrenatzailearen ganeko eztabaidea. Taldeak aukera polita dauka barriro be Europarako txartela eskura-tzeko eta bultza daigun ahalegin horretan. Gero gerokoak.