Síguenos en redes sociales:

Ondo kokatuta azken txanpan

Ondo kokatuta azken txanpan

Hamar partidu geratzen dira Liga txapelketea amai-tzeko eta Athleticek bizirik ditu erregulartasunaren lehiaketarako ipini ebazan helburuak betetzeko aukerak. 2016-2017 denboraldiko estropadea azken txanpan sartu da eta Athleticek sailkapenean ondo kokatuta ekingo deutso azken luzeari. Ernesto Valverderen mutilen eskuetan dago Europarako txartela eskuratzea. Horretarako, bigarren itzuliko partiduetan erakutsitako maila onari eutsi behar deutsoe. Vila-real eta Reala traineru batera dagoz aurretik eta Eibar, Espanyol eta Alaves ontzi bat atzetik. Egia esateko, bizi izan dogun denboraldi gora beheratsuaren ostean ez dago txarto gure taldea bizirik ikustea Europarako sailkatzeko lehian.

Athleticek ezin izan eutson eutsi etxeko partiduetako bolada onari eta galdu egin eban Real Madriden aurka. Ezin esan meregeen aurka galtzea ezustekoa danik, azken denboraldietako estatistikak ikusita. Ernesto Valverdek iragarri eban lez, Athleticek intentsitate handia sartu eutson jokoari lehen minututik eta zuri-gorrienak izan ziran aukerarik onenak partiduaren lehen zatian. Zuri-gorriek, baina, ez eben asmatu Keylor Navasen ate aurrean. Real Madridek, ostera, zulatu egin eban Kepa Arrizabalagaren atea ziztada zital baten. Modric, Cristiano, Benzema eta gola. Eraginkortasun kontuak. Galtzen joan arren, etxeko taldeak ez eban amore emon eta gorputz eta arima ipini zituan zelai ganean bardinketaren golaren bila. Ekinak saria jaso eban eta Adurizek sutan ipini eban Katedrala Navasen atea zulatu ebanean. Partidu handia egin eban Athleticek baina aurkariaren bigarren golean gertatutakoa huts ikaragarria da. Ez dakit konzentrazino faltea edo desajustea izan zan, baina onartezina da horrelako markaketa huts bat egitea, are gehiago Real Madriden aurka jokatuta. Edozein kasutan, txapela kentzeko partidua egin eben Valverderen gizonek. Etxean galdu arren, jardunaldia ez zan txarra izan Athleticentzat. Izan be, bere aurkarietako inork ez eban garaipena eskuratu. Vila-realek eta Realak galdu egin eben eta Eibarrek eta Espanyolek bardindu.

Athleticen azken txanpea ez da samurra izango. Hasteko, jokatzeko dagozan hamar partiduetatik sei, etxetik kanpo jokatuko dauz Valverderen taldeak, Osasuna, Vila-real, Eibar, Celta, Alaves eta Atletico Madrilen aurka. Egia da Athletic oso txarto ibili dala etxetik kanpoko partiduetan, baina garbi dago zuri-gorriek aldatu egin dabela norabidea bigarren itzulian. Maila ona emon eben Camp Nou eta Sanchez Pizjuanen, eta bolada txarra apurtu eben Anoetan partidu bikaina eginda. Horregaz batera, itxaron daigun etxean erakutsitako sendotasunari eustea, Espanyol, Las Palmas, Betis eta Leganesen aurka.

Beste alde batetik, Ernesto Valverdek plantilako gizon guztiak sasoian ditu azken txanpara begira. Beraz, konpetentzia handia egongo da jokalarien artean hamaikakoan leku bat izateko. Atzealdeari jagokonez, ez dau emoten Valverdek De Marcos-Yeray, Laporte-Balenziaga lerroa ikutuko dauenik. Zelai erdian be, San Jose, Beñat eta Raul Garcia ikutuezinak dirala emoten dau, Iturraspek azken partiduan be maila ona emon arren. Aurrealdean, inork ez dau zalantzan ipinten Williams eta Adurizen titulartasuna. Kontuak kontu, ezker hegalekoa da garbi ez dagoan postu bakarra. Izan be, Iñigo Lekuek lekua kendu eutson Muniani Real Madriden aurkako partiduan. Azken txanpa erakargarria dogu aurretik.