Iragarri denez, gizarte zibilak lagundurik, Espainiar eta Frantziar estatuek axolagabe, bizkarra erakusten diotela, erabat armagabetuko da ETA datorren apirilean. Espero dezagun aurresandakoa erabat bete eta ez dela erdizka, estropezuka eginiko zerbait izango... lehenago ere piztutako itxaropenak ezerezean geratu baitira behin baino gehiagotan. Arma horiek beti egon dira sobera gehiengoaren imajinario eta nahiaren arabera, are gehiago duela si urte eginiko iragarpena egin ondotik.
Norbaitek delako arma horiek guztiak Estatuekin eginiko tratu baten inguruabarrean entregatu edo suntsituko zirela uste bazuen, geroak erakutsi du itxaropen horren oinarririk eza. Tartean denbora galdu da, hamarkadetan baliaturiko indarkeria alboratzeak eragindako kalteak onbideratzeko egon diren aukera urriak alferrik galdu dira eta abar. Orain, armen afera desagertuta, berehalakoan berrartu beharko dira eginahal horiek. Bidenabar, indargabetuz indarkeria berrartzeko batzuek aipatzen dituzten ustezko arrazoiak.
Ezker Abertzalearen estrategiatik urrundu diren taldeen jardunari aurre egin behar zaio, amesgaiztoa luzaroan iraun eta kalte berririk ekarri ez ditzan. Aurre egin behar zaio erdizkako hitzik baliatu gabe, distan-tziarik hartu gabe, bai eta halako hautua egiteko nolabaiteko zilegitasuna aitortu gabe ere; Bestalde, presoen inguruan pila-tzen ari den sufrimendua arintzeko erabakiak hartu behar dira. Gaixo daudenak kalera ateraz, gainerakoak hurreratzeko moduak bilatuz eta, araubideak eskain-tzen dituen heldulekuak -eta asko dira- baliatuz, kaleratzeko moduak eginez, era mailakatuan, etengabean eta arrazoizko epean; Egia azaleratzeko, justizia eta erreparazioa ahalbidetzeko bidea egin beharko da. Ez inor egindako horretan heldulekurik bilatzeko, ez alde bakarrean bakarrik, guztietan baizik.
Orain, lehenago ere bai... baina bereziki orain, politikaren txanda da! Zirkinik egin gabe geratu eta inolako ekarpenik egiten ez dutenek, arriskuak hartu nahi ez dituztenek ez baitituzte zauriak ixten lagunduko! Mendekuaren, begia begi trukearen politikaren arrimuan dabiltzanek jakin behar lukete bide hori agortua dela eta ez duela ezer eraikitzen, bizikidetza ehuntzen laguntzen... gaur eta hemen ustezko irmotasunak ez baitu aurrerabiderik. Aitzitik, ahultasuna erakusten du, ez besterik.
Izango al dira gure ordezkariak gai, desberdintasun guztien gainetik zein azpitik, eraiki behar den etorkizun berria irudikatzeko eta garabidean jartzeko gutxieneko adostasuna hezurmamitzeko? Gizartearen gehiengoa hori eskatzen ari da.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">