Unerik egokienean
Athletic bizirik dago. Ez jako ondo jokatzen ahaztu. Zuri-gorriek ukabilkada gogor bat emon dabe mahai ganean eta unerik eta lekurik egokienean ganera. Ernesto Valverderen taldea goitik behera nagusitu jakon Realari Anoetan eta garrantzi handiko hiru puntuez gain, bultzada handia jaso dau Ligako azken txanpara begira. Ganera, ganetik kendu dabe etxetik kanpo irabazi barik egotearen zamea. Aspaldiko partidurik onena jokatu eban Athleticek Donostian eta etxetik kanpoko onena ezelango zalan-tza barik.
Kolpe gogorra jaso eban Athleticek Europako Ligatik kanpo geratuta. Hondoa jota geratu zan taldea Nicosian galdu ostean eta batek baino gehiagok amaitutzat jo eban denboraldia ordura arteko ibilibidea ikusita. Valverderen mutilek, baina, ez dabe amore emon eta ederto erantzun dabe Europatik kanpo geratu osteko partiduetan. Izan be, zuri-gorriek hiru partidu irabazi ditue azken lau jardunaldietan eta Sevillan bakarrik galdu dabe lan bikaina egin ostean.
Halandabe, garaipen biribil bat falta zan inflexino puntu lez hartzeko Ligako azken txanpara begira eta ontziaren norabidea aldatzeko. Anoeta leku aproposa zan etxetik kanpoko inertzia negatiboa hausi. Horretarako, jakina, Athleticek bere mailarik onena emon behar eban lehen minututik. Ernesto Valverdek garrantzi handia emon eutson Donostiako partiduari, Reala aurkari zuzena dalako Europarako txartela eskuratzeko borrokan eta denboraldiko sasoi beroenaren hasieran etorrelako. Ganera, etxetik kanpoko bolada txarra lehenbailehen apurtu behar zan, gero eta zama handiagoa zalako. Kontuak kontu, gauza asko egozan jokoan Anoetako derbian, auzokoari bere etxean irabaztearen ganetik.
Partiduaren gakoaz itaunduta, Valverdek esan eban talde bakoitzak bere betiko jokoa egitea lortzean egoala garaipenaren giltza. Bete betean asmatu eban zuri-gorrien entrenatzaileak. Izan be, Athleticek bere bersinorik onena eskeini eban Anoetan lehenengo minututik. Realak, ostera, ezin izan eban bere jokoa egin, aurkariak kateatu egin ebalako. Kepa Arrizabalagak ez eban lan handirik euki bere itzulerako partiduan, Realak ez eban-eta gol aukera garbirik sortu. Adierazgarria izan zan benetan Valverdek Kepa hasieratik zelairatu izana azken hile bietan lesionaturik egon ostean. Ez eban gauza bera egin De Marcos eta Adurizegaz.
Realaren zelaian lortutako garaipenak hiru puntu baino gehiago emon deutsoz Athletici. Hasteko, kolpe gogorra izan da taldearen inguruan ezkortasuna zabaldu dabenentzat. Etxetik kanpoko dinamika negatiboa apurtu dau taldeak. Ganera, Anoetan lortutako garaipenak ez dauka zerikusirik Granadan edo Riazorren lortutakoakaz. Izan be, joko bikaina eginda menperatu dau Athleticek aurkaria Donostian. Beste alde batetik, Anoetako partiduak konfiantza handia emongo deutse jokalariei Ligako azken txanpara begira.
Sailkapenera begiratuta Athleticek ez dau jauzi handirik emon. Betiko zazpigarren postuan dago Vila-real eta Realaren atzetik, baina Espanyol eta enparauen aurretik, amore emon barik. Ligako azken txanpa gogorrean lortu beharko dau Athleticek Europarako txartela eta urrats handia emon leike datorren zapatuan Real Madriden aurka. Denboraldiko partidurik erakargarrienetakoa da zalantza barik. Merengeen aurkako partiduek sutan ipinten dabe Katedrala. Jokalariek be ez dabe motibazino berezirik behar. Geuk bez. Partidu handia izango da eta garaipenak sekulako balioa eukiko leuke. Valverderen taldea ezin hobeto iritsiko da zurien aurkako lehiara eta gauzak oso estu ipiniko deutsez Cristiano, Ramos eta enparauei.