EZ dago Estatuaren zerbitzari leial edota gainegituraren osagaietako bat izatea baino hoberik gehiegikerietatik nolabait libratzeko. II. Errepublikaren kontra matxinatu, kale bazterretan desmasiak egin zituztenek... hamarkadetan diktadorearen hegalpean bizi eta aberastutakoek ez dute inoiz egindakoetatik ordaindu behar izan; demokrazia garaian Espainiako Gorteak gatibu -inoiz argituko ote da golpe saiakeraren atzealdean nortzuk egon ziren?- hartu zutenak ere berehalakoan atera zituzten kalera, bizimodu normala egitera; beste horrenbeste gertatu zen Estatuaren terrorismoa baliatu zutenekin, Galindo eta enparauekin, pertsonak torturatzeagatik eta akabatzeagatik epaitu eta kondenatu zituztenekin.

Ustelkeria kasu ugariren harira, beste horrenbeste ikusten ari gara agintari izandakoekin edota Koroaren inguruabarrean dabiltzanekin. Herritarrek kudeatzeko lagatako diruak lapurtu dituzte; kargualdia igarota, ardurapean izan dituzten bankuak desagertzera kondenatu eta hondatu, milaka akzioduni -gehienak txikiak- gezurrak eta lapurretak egin... berdin dio! Oso merke ateratzen ari zaie urteetan egin duten guztia. Ez dago kasu bakar bat non Justiziak egindakoaren neurrian erantzuten ari den. Aitzitik, araubideak ematen dituen aukerak baliatzen ari dira ezarririko zigorrak dezaketen neurrian arintzeko. Eta eginahalak egin arren, kartzela-zigor zein bestelako neurririk baletor, lasai! Araubideak eskainiko baitu heldulekuren bat kartzela zein bestelako neurriak ekiditeko. Adibide ugari jar dezakegu non antzeko gertaeren aurrean Justiziak desberdin jokatzen duen.

Herritarrak ustelkeriagatik aztoratuta omen daude. Batzuek egin dituztenak gorabehera, zein erraz libratzen, zein merke ateratzen ari zaien da benetan harridura eta haserrea sorrarazten dituena... eta ematen ari den mezua hilgarria da! Iradokitzen baitu boterearen arrimuan ia dena dela posible: lapurretak, hilketak, gezurrak... nahi den guztia.

Alderantzizkoa da jokabidea araubidea hausten beste batzuk direnean. Orduan entzuten dugu ozen eta indar handiz Justiziaren pisua bere osotasunean aplikatzeko deia. Halaxe egiten ari dira Kataluniako kasuan, ez diruak lapurtu dituztelako, hautetsontziak, herritarrei iritzia emateko aukera emateagatik baizik... beste horrenbeste egin dute Altsasun, normaltasunez ikertu eta epaitu beharrekoak beste neurri bat eman eta bestelako trataera, neurriz kanpokoa, eman diotenean... Ezen justiziaren aitzinean denok ez baikara berdinkideak.