Atentzioa ematen du entzutea erretiroa hartzean zailtasunik izango ez dutenek erretiroa hartzeko adina atzeratzeko -hirurogeita hamar urte izan arte- eta hilean jasoko den pentsioa txikiagoa izateko egiten dituzten proposamenak. Tartean dira Espainian agintari izandakoak edota bankuetako desmasien aurrean beste aldera begira egon diren Espainiako Bankuko goi-agintariak... baina hilaren amaieran pentsiodunek gutxiago jasotzeko joera hori jada gertatzen ari den kontua da, 2013. urtetik aurrera, bere sasoian onarturiko erreforma aplikatzearen ondorioz. Euskadiko pentsiodunek 2016. urtean aurrekoan baino % 1,4 gutxiago jaso dute.

Sistemari eustea izan behar omen du helburua. Nolanahi ere, ez dakit halako neurriekin sistemari eustea lortuko ote zaion. Bestalde, erretiroa hartzeko adina atzeratu ahala, jada oso goitik dagoen gazteen langabezia-tasa -Europako batezbestekoaren oso gainetik- betikotzeko joera indartuko du, oso prestakuntza altuko pertsonak atzerrira edo prekaritatera kondenatuz, bai eta ezagutzaren transferentzia eta lehiakortasuna areagotzea zailduz... eta bidaia horretan ezin ahaztu gero eta zailtasun handiagoak izango dituzten adinekoak, horietako asko krisiaren aurrean familiari eusteko makulurik sendoena bilakatu direnak.

Sarrerak dira arazoa, irteerak bainoago, nire ustez. Kontua ez da zerga-sistema aldatzea gastu sozialari eusteko bakarrik... ekonomia ehuna eraberritzeko eta jarduera ekonomikoa indartzeko ditugun eskumenak erabili behar ditugu -erabiltzen duguna baino gehiago- datorkigunari aurre egiteko moduan egongo bagara. Ondorioz, eztabaida orohartzailea izan behar du.

Administrazioa behar dugu eraberritu, are efizienteago bihurtu, mantentzeko behar dituen baliabideak doituz -dena ez dago enplegu publikoarekin, administrazioa neurriz kanpo haziz egiterik-; gizarteak herri-erakundeen esku lagatako bitartekoak are hobeto kudeatzeko neurriak hartu behar dira; elkartasuna eta zerbitzuei eustea xedeak izanik, gehiago dutenei gehiago ordaintzeko moduak bilatu behar dira... tartean, neurriz kanpoko irabaziak dituzten enpresen ekarpena eta hauei aplikatzen zaizkien askotariko kenkariak berrikusiz; ehun produktiboa eraberritzeko eta aktibitatea indartzeko bitartekoak eskuratu eta liberatu behar dira... gutxi batzuen poltsikoak are beteago egon ez daitezen erabakiak hartuz eta abar.

Finean egun dugun sistema iraganetik jaso duguna da... eta jada ez dago txaplatekin egungo zein etorkizuneko beharrizanetara egokitzeko modurik. Eztabaida, beraz, ireki behar da, demagogiarik gabe ireki ere, datuak eskuetan, eredu berri bat eraikitzea ahalbidetu dezakeen adostasun berri bat zimentarritzat hartuta.