Aurreko astean, ostiralean, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariek eta Nafarroako Parlamentuko eta Eusko Legebiltzarreko buruek aurkeztu zuten, Euskaltzaindiarekin batera, Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa. Lehenengo aldia da bost erakunde legegileek lankide-tzan jarduten dutena, bakoitzak eremu parlamentarioan hamarkadetan euskaraz pilatu duen eskarmentua trukatzen eta bateratzen saiatuz. Egia da, bateko eta besteko teknikariak elkarren berri izan dutena... baina lehenengo aldia izan da urtetan erabilitako hi-tzen esangura Euskaltzaindiaren ardurapean bateratzen eta estandarizatzen aritu direna.
Garrantzitsua da abiapuntua gogora ekar-tzea. Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak egitasmoa abian jartzeko borondatea agertu zutenean, erakunde legegile bakoitza euskararekiko ibilbide eta sentiberatasun desberdinak dituzten alderdien gidaritzapean zeuden. Gauzak horrela, Nafarroako Parlamentuan UPN, Arabako Batzar Nagusietan PP, Gipuzkoakoetan EH Bildu eta Bizkaikoetan eta Eusko Legebiltzarrean EAJ alderdiek zuten erakunde horiek gidatzearen ardura. Ondorioz, esan daiteke, harrotasunez esan ere, zentzu zabalenean harturiko herri proiektua izan dela askotariko borondateekin josi den Oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioa. Denona da eginiko urratsaren meritua... urrats berriak egiteko aukera berriak irekitzen dizkiguna.
Elkarri entzun, elkar errespetatu, xumeenak diren egitasmoak partekatuz konfiantza eta lankidetza giroa sortu, horra euskararen lurraldeak hurbiltzeko eta elkarren arrimuan indartzeko sendabelarra. Norgehiagoka aritu gabe, berdinetik berdinera, inor inoren azpian dagoela iradoki gabe... eta garrantzitsua da lankidetza bide hori euskaratik, eremu desberdinetako euskaldunok batzen gaituen horretatik hastea. Euskarak batzen gaituen ondare, zoru komuna delako.
Aurrekoez gainera, ekimenak baditu hiru alderdi azpimarratzea komeni direna. Batetik, batasun bidean eginiko urrats berri bat izatea. Euskarak etorkizunean irauteko aukerarik izango badu -eta hori ez da kontu segurua- batasun bidetik egingo baitu, behinola K. Mitxelenak azpimarratu zuen gisan. Bestetik, sare bat egin da, etorkizunean Ipar Euskal Herriko zein bestelako eragileen partaidetzarekin indartu beharko genukeena. Azkenik, egitasmoa burutzeko sortu diren lanabesek proiektu are esanguratsuagoak abiarazteko aukera irekitzen digute... beraz, egitasmoa amaitu baino hasi besterik ez da egin!
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">