EZINEAN ibili zan Athletic Insular estadioan eta esku hutsik itzuli da etxera. Ernesto Valverderen gizonek gorputz eta arima ipini eben Las Palmasen zelaian punturen bat eskuratzeko baina taldea ez dago ondo eta ekina ez da nahikoa izan helburua lortzeko. Beñat eta San Jose ez dagoz sasoi onean -lesioak tarteko- eta taldeak arazo itzelak ditu erasoko jokoa sortzeko. Luze jokatzearena, Aduriz, Raul Garcia edota Williamsen bila, alternatiba eraginkorra izan da askotan baina Insularrean zuri-gorrien ahalegin guztiak antzuak izan ziran. Horregaz batera, Valverderen gizonak ez dabilz bape fin defenditzeko orduan eta Las Palmaseko jokalariek alfonbra gorria euki eben Kepa Arrizabalagaren aterako bidean. Laporte izan behar da atzealdeko zutabe nagusia baina Agenekoa ez dago sasoian.

Athleticek hogeta hamalau bider jokatu dau Las Palmasen zelaian eta seitan bakarrik lortu dau garaipena. 1970ean hasita, lehoiek hamar denboraldi egin ebezan Insularrean irabazi ezinik. Iribar, Saez, Argoitia, Uriarte, Txetxu Rojo, Gisasola, Villar, Arieta eta enparauek badakie zer dan galtzea Las Palmasen zelaian. Orduan, baina, telebista ez egoan hedatuta eta partidu horreetako golak baino ez genduzan ikusten. 1977an UEFAko finala eta Kopako finala jokatu ebazan Koldo Agirreren taldeak be galdu egin eban Insularrean Carnevalli, Brindisi, Morete eta koadrilaren aurka. Kontuak kontu, Kanaria handiko zelaia ez da inoiz samurra izan Athleticentzat, liga baterako azken urratsa bertan emon arren.

Valverderen taldea ez dago ondo, ez, eta urrun dago bere maila onenetik. Batez be, jokalari garrantzitsu batzuren errendimendua makala dalako. Dana dala, txarto egonda be, zuri-gorriek lau puntura daukie sailkapeneko laugarren postua eta sailkatuta dagoz Europan. Badakigu talde honek askoz gehiago emon leikela eta zalantzak agertzen diran uneetan oso garrantzi-tsua da lasaitasunari heltzea.

Zorionak Jose Anjel Iribarri, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta saria emon deutsolako.