Aurreko asteko asteazkenean egin zen Eusko Legebiltzarrean Euskadiko lehendakaria hautatzeko Osoko bilkura. Bi hautagai izan ziren. Batek, ahuleziak izan zituen abiapuntu, horiek gaindi-tzeko asmoz, Eusko Legebiltzarrean dagoen gehiengoa aktibatu eta beste agertoki batetara iristeko ibilbide-orria proposatu zuen. Besteak, Iñigo Urkullu lehendakarigaiak, gure gizarteak dituen arazoak gainditzeko, gizarteak berak dituen indarguneak izan zituen hizpide eta abiapuntu, horiek bilakatuz egoerari aurrera egiteko makulu sendo eta eragingarria. Biek ala biek eskuak zabalik, adostasunetara iristeko borondatea erakutsi zuten... badirudi amaitu dela garai bateko ahari topeka aritzeko jokabidea.
Nolanahi ere, borondatea ez da aski. Adostasuna pauso ziur eta egingarrietan gauzatu behar baita, maximalismoetan eta gehiegikeriatan erori gabe... eta horixe da EH Bilduren sakoneko arazoa. Bilduren habe den ezker abertzaleak horrenbeste aldendu nahi du abertzaletasun demokratikoak urteetan egin eta erein duenarekiko, desberdintasunak horren urrunera -zenbaitetan irrigarria iristeraino- eraman nahi izan ditu, non etorkizunean akordioetara iristea bera ere zailtzen duen. Ez hori bakarrik, oso zaila da, ezinezkoa ez esatearren, herri honen geroaz sakoneko adostasunetara iristea... herrialde, herri eta auzoetan sasoi bateko jokabideak gainditzeko eta adostasunen bidez bideratzeko gauza ez bagara. Inguruabar horretan, iraingarria izan da Nafarroan UPNk eta Euskadin EAJk egin dituztenak argudiotzat hartuz, Euskadin aldaketa behar dela aldarrikatzea, Nafarroan bezala.
Abertzaleagoa ez da bihar independentzia aldarrikatu eta ondoren aurrerabiderik gabe geratzen dena, askotarikoa den gizartearen borondateak josteko eta, gero eta eskumen gehiago eskuratuz, loturak eteteko bidean urratsak egiten dituena baizik. Batzuek itxurakerien zirimolan igeri egiten dute ondoen... beste batzuek, herri gisa gero eta sendoago agertzeko ahaleginak egiten dituzten bitartean. Gure herria duela berrogei urte baino are hobeto dago abertzaletasun demokratikoak izan duen pazientzia demokratikoari esker... eta are hobeto egon zitekeen beste batzuek hausturaren, indarkeriaren eta inposaketaren alde jardun ez balute.
Bestalde badago euskal politikagintzan gainditu behar dugun beste joera bat. Gipuzkoan, Diputazioaren ardura zeukanean, EH Bilduk PSE alderdiarekin -unionistak omen- akordioak erdiesten zituenean, adostasun horiek goraipatzeko... eta beste indar batzuek halakoak ehuntzen dituztenean gutxiesteko dagoen gehiegizko joera. Eusko Legebiltzarrean ustez ezkerrekoak diren alderdiak ados jartzeko gauza izan ez badira, segur aski aldentzen dituztenak batzen dituztenak bainoago direlako izango da... beraz, arrazoietan sakondu beharko dute, noizbait ezertara iritsi nahi badute.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">