Izen-deiturak
GAUR egun esangura galdu badute ere, geure aurrekoek abizenak erabiltzen zituzten izen soilak ematen ez zien informazioaz jabetzeko. Bat halako etxekoa bazen, edo halako etxekoa edo halako herrikoa, berehala antzematen zitzaion nolakoa zatekeen. Abizenak garbi azaltzen zuen urliaren berri, eta erraz egin zitezkeen testuinguruari forma ematen dioten loturak. Ponte-izenak gertakizuna islatzen zuen, noizbait pertsona hori izango zen dena delakoa; abizenak berriz, izandakoa erakusten zuen, urteak joan eta urteak etorri, egonkor eta aldaezin mantentzen zena.
Kataluniako Reus hiriko Rosaren deitura ez dut gogoratzen. Badakit, ordea, kandelak erabiltzen zituela etxean argi pixka bat izateko, argi-indarraren hilerokoa ordaintzeko lain ez baitzuen. Imajina dezaket haren ezkaratza adibidez: erdia ilunpean, erdia argi mehe batek horiz tindatuta, eta argi izatera iristen ez zen apaltasun hark itzal beldurgarriak sortuko zituela, bazterrak betetzera ozta-ozta iritsita. Imajina dezaket eszena, baina ez dut nehoiz dastatu argi horren garraztasuna, eta beraz, ezin dut egoera horrentzako izendapen egokirik aurkitu. Hedabideek “pobrezia energetikoa” esaten diote, baina horrek ez nau asebetetzen, hori en-tzundakoan zerbaitek oihartzun egiten baitu nire barruan, ezkutuan da-tzan egiaren bat argitara ekarri nahian bezala.
Abizen berriak behar ditugu testuingurua ulertzeko, forma emateko miseria gorriaren dramari.
Izena eta izen-lagunak ez datoz bat. Bigarrena ez da lehena ulertzeko balio dezakeen argibidea (ironikoa da hitz hau erabiltzea, badakit), eta izatekotan, alderantziz beharko luke. Pobreziak azaltzen du gauez argiak ezin piztua, neguan berogailua ezin konektatua, otordu hotzak jan beharra, edo eskolara gosaria hartu ezinik iristea. Pobreziak azaltzen du hori guztia, eta ez da, tamalez, gertakizuna: Reuseko kasuaren harira jakin dugu milaka direla geure artean egoera bertsuan bizi direnak: itxaropenaren kandelaren argi meheak doi-doi argiztatuta, maiz (ia beti) geure ezintasunaren ilunpean ezkutuan.