Eskola sasoian dauden umeek etxera eramaten dituzten lanek eztabaida piztu dute. Halakoetan denbora luzeegia ematen omen dute, besteak beste, jolasari, bai eta familia bizitzari kenduz. Emaitzak hobe-tzea; autonomia eta antolaketa indartzea; lanerako ohiturak sustatzea; diziplina eta esfortzua areagotzea eta abar dira etxerako lanen defendatzaileek sutsuki azpimarratzen dituztenak. Nolanahi ere, ustez landu nahi direnak lortzen ote diren zalan-tzazkoa da, iritziak gorabehera.
Hasteko, etxerako lanen atzealdean gehiegi puztutako curriculuma dago, Estatuak eta Erkidegoek ezarri dituztenak -eran-tzukizunak eta arrazoiak desberdinak badira ere-... eta denak luze-zabal eta ganoraz lantzeko astirik ez dago. Horri guztiari gurea bezalako gizarteen gaitz-endemikoa gehitu behar zaio: ezintasun bati, gizartean antzematen den arazo bakoitzari irtenbidea emateko sendabelarra, edabe magikoa prestatzearen eran-tzulea Hezkuntza bilakaraztea, hain zuzen... eta Hezkuntzak ezin ditu gure gaitz eta ezintasun guztiak konpondu, ezin du familiaren zeregina ordeztu, ez eta berak bakarrik gizartea eraldatu ere.
Emaitza akademikoei buruz jardutean, sarritan aipatzen da emaitzek gurasoen maila sozioekonomikoarekin eta kulturalarekin duten lotura -erabatekoa ez bada ere-. Hor dago arazoaren beste ertz bat, gutxitan aipatzen dena, hots, eskolak barruratzen duen aniztasunari erantzuteko eta orekatzen saia-tzeko, aukera-berdintasuna sustatzeko baliabideak ugaltzea daukan garrantzia. Bitxia da bateko eta besteko hezkuntza sistemen emaitzak alderatzeko eta bakoitzean inbertitzen denarekin ez lotzeko erakusten dugun joera. Erronkari erantzuteko baliabideak neurrikoak ez direnean, etxerako lanen logikak erabateko indarra hartzen du gero eta lehiakorragoa den gizarte honetan: eskolak lortu ezin duena eskolatik kanpo bilatu behar baita, besteak beste, etxerako lanekin eta partikularren gain-zamarekin.
Jolasari, familiari eta abarrei kentzen omen diete denbora etxerako lanek... baina ez dakit ondo geratzeko asmoz, barreiatu nahian ari garen gezur sozial bat ere ez ote den. Egin kontu gaurko umeek eta nerabeek eskolaz kanpoko ekintzetan zenbat denbora igarotzen duten... gogoko dituzten gauzetan baliatzeko denborarik ote duten, bai eta guk zenbat denbora eskaintzen diegun ere. Sarriegi gu izatera iritsi ez garen horretara iristearen zama ez ote diegu gure oinordekoei ezartzen?
Nago etxerako lanek ez dituztela oro har emaitzak hobetzen eta ez direla beharrezko. Uste dut autonomia, antolaketa eta abarrak bestelakoen bidez susta daitezkeela ume bakoitzaren izaeratik, dituen gaitasunetatik eta interesetatik abiatuta... baina eztabaida oro hartzaileagoa da, nire ustez.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">