SARI handia jaso eban Athleticek Espanyolen zelaian. Puntu bat eskuratu eben zuri-gorriek Cornella-El Prat estadiumean, lortu leikien saririk handiena hain zuzen be, aurkariaren atera baten be ez ebela jaurti kontutan izanda. Horregaz batera, nabarmendu behar da Valverderen gizonek ondo jagon ebela euren atea eta Kepa Arrizabalagak ez eban ia lanik izan bere itzulerako partiduan. Kontuak kontu, partidu aspergarria eskeini euskuen lehiakide biek eta ez batak ez besteak ez eban meritorik egin hiru puntuen saria jasoteko. Atsedenaldia ederto etorriko jako Athletici lesionaturik dagozan jokalariak berreskuratzeko, urtea amaitu aurretik jokatuko dituen bederatzi partiduetarako.

Zortzi gol ikusi genduzan aurreko eguenean San Mamesen. Atzo, ostera, lehiakideak ez ziren aurkariaren atea zulatzeko gauza izan. Ezin dogu eskatu denboraldiko partidu guztiak ikusgarriak izatea eta Espanyolen zelaian jokatutakoa ez zen bape ona izan, benetan aspergarria baino. Edozelan be, zuri-gorriak ez ziren esku hutsik itzuli Bartzelonatik. Hori bai, estatistikak hausteko urtean, Athletic ez zen gauza izan Espanyolen zelaian 19 urtetan daroan bolada txarra apurtzeko.

Aurreko eguenean jokatutako Europa Leagueko lehiak goitik behera baldintzatu eban Espanyolen aurkako ligako partidua. Zazpi aldaketa egin ebazan Valverdek hamaikakoan. Entrenatzaileak inork baino hobeto daki zelan dagoan jokalari bakoitza eta horren arabera hartzen ditu erabagiak. Iago Herrerin, Laporte, Iturraspe, Susaeta, De Marcos, Raul Garcia eta Muniain hamaikakotik kanpo itzi ebazan domekan entrenatzaileak. Eta partidua amaitu ostean aitortu eban lez, azken ordura arte ez eban erabagi Aduriz hasieratik ipintea. Antza, aitaturiko jokalariek oso nekatuta amaitu eben Genken aurkako norgehiagoka eta Valverdek haize freskoa sartu gura izan eban ligako partiduan.

Aldaketa guztiak, baina, ez ziren nekeak eraginda etorri. Athleticeko entrenatzaileak Mikel Vesga zelairatu eban erdialdean Mikel Ricogaz batera, Ander Iturraspe ordezkoen aulkian itzita. Konparazinoetan sartu barik, Athleticen erdialdea galduta ibili zen lehen zatian, erasora begira batez be. Halanda be, Valverdek ez eban erdiko lerroa ikutu bigarren zatian eta partiduak bardin jarraitu eban: arazo barik atzealdean eta Diego Lopezen atera begiratu barik aurrealdean. Entrenatzaileak goraipatu egin dau Mikel Vesgak egindako partidua. “Baloia eukiten ausartzen den jokalaria da” esan eban Valverdek lehia amaitu ostean. Garbi dago, Txingurri ez dagoela pozik Iturrasperen errendimenduagaz baina ez dot uste Abadiñokoa barik zelai erdiaren errendimendua hobea izan denik. Kontua da, taldeak asko igarten dauela Beñaten hutsunea.

Kontuak kontu, 17 puntugaz -iaz beste- heldu da Athletic denboraldiko bigarren atsedenaldira. Beraz, taldea bide onetik doala esan geinke. Edozelan be, ez da ahaztu behar Valverderen taldeak garaipen bakarra eskuratu dauela Ligako azken bost jardunaldietan, Realaren aurka derbian lortutakoa. Beraz, dinamika hori aldatu beharra dago. Ez da kasualitatea Beñaten arazo fisikoekaz batera etorri izana bolada trakets hau.

Urteko azken txanpea oso garrantzitsua izango da. Ligako bost partidu jokatuko dauz Athleticek: hiru San Mamesen, Vila-real, Eibar eta Celtaren aurka, eta Las Palmas eta Betisen zelaietan. Puntu sorta on bat pilatzeko aukera ona daukie zuri-gorriek. Horregaz batera, Europa Leagueko partidu erabakigarriak datoz Sassuolo eta Rapiden aurka. Eta hori guztia gitxi balitz, Kopako lehen kanporaketeari ekingo deutso Racingen aurka. Atsedena ederto jatorko Valverderi bere taldea konortera ekarteko.